Menu nagusia

Egoitz | 2010-01-20

2010eko taldeen analisia (II): Astana, lider nagusiaren taldea

Contador eta ValverdeContadorrek esan zuen bezala, Astana taldea zerotik hasiko den talde bat bezalakoa izango da 2010ean. Ez da harritzekoa Armstrongen bere talde berrirako 2009ko Tourrean izan ziren gainontzeko txirrindulariak Radio Shack taldera eraman baititu berarekin. Segurua dan bakarra egungo Frantziako Tourreko garaileak bertan izango dela 2010ean eta taldeko liderra Tourrean, aurtengoan zalantzarik gabe, Contador izango dela.

Joan diren txirrindulari kopurua ikusita, zuzendariak ahaztu gabe, fitxaketa ugari egin behar izan ditu talde kazakhstandarrak. Hauetako bat, eta gehien harritu nauena, Pereiroren fitxaketa izan da. Galiziarrak azken bi urteak pattal eman ditu: iaz Tourrean erorketa eta aurtengoan forma ezin hartu. Ez dakit Contadorrek eskatutako fitxaketa izan den ala zer, baina ia ia ez zen gauzatu gogoratuko duzuen bezala. Azkenean, ordea, talde urdinean izango da aurtengoan Pereiro.

PereiroFitxaketekin jarraituz, bi txirrindulari espainiar etorri dira Fuji Servetto taldetik: De la Fuente eta Jufré beteranoa. Segur asko fitxaketa hauek Contadorrek eskatutakoak izango dira. De la Fuente laguntza bikaina izango da mendian.

Italia aldetik bi txirrindulari gehitu zaizkie, biak Lampreti taldetik etorriak. Biak ezagunak egingo zaizkizue, Tiralongo eta Gasparotto. Lehena beteranoa izan arren ere igotzaile bikaina da.

Asiako 2009ko txapelduna ere Astana taldean izango da 2010ean. Fofonov beteranoak, Cofidis taldeak ez jarraitzea erabaki eta gero, talde kazakhstandarra aukeratu du bere ibilbide profesionalarekin jarraitzeko. Hala ere ez da taldeko beteranoena bera izango. Oker ez banaiz titulu hori Stangelj esloveniarrak izango du talde urdinean. Stangelj Liquigas-etik datorren txirrindularia izango da.

Txapeldunez ari garela, Ukrainiako erlojuaren kontrako txapeldunaren fitxaketa aipatu behar. Grivko ISD taldetik dator eta 2009an espero baino maila baxuagoa eman bazuen ere, progresioari jarraitzen badio, erlojuaren kontrako saioren bat edo beste irabazteko gai ikusten dut.

Oraindik aipatu ez dudan fitxaketa interesgarria Alan Davis eta bere anaia Scott dira. Davis anai zaharrak Quick Step taldea utzita dator eta Scott Fly V Australia taldetik. 2009an urte hasiera bikaina izan zuen Tour Down Under irabaziz eta zenbait esprintetan aurrean ibili zen. Beharbada aurtengoan esprintetan maila hobea emateko gai izan daiteke. Lehen aldia izango da bi anaiak talde berean arituko direna profesionaletan.

VinokourovEta ezin ahaztu “etxeko” txirrindulariak. Vinokourovek iazko urte amaieran zenbait lasterketa korritu zituen, horien artean 2009ko Mendrisioko Munduko Txapelketa. Itzulera hau oso kritikatua izan den arren, aurtengorako urtea prestatzen lagunduko zion iaz lehiatzen hasteak. Ez dakit Tourrean izango den ala ez, baina seguru lasterketaren baten edo besten zeresana emango duela Kazakhstango txirrindulariak.

Itzuliko den beste kazakhstandarra Gourov da. Ez dakit zein arrazoirengatik, baina iaz A-Style talde kontinentalean aritu zen, baina aurtengoan berriro itzuli da Astana taldera. Beharbada talde politikak exijitutako fitxaketa?

Oraingoz dakigula taldea aurreko fitxaketa hauek eta Iglinskiy eta Salvaggik osatuko dute.

Pentsatzen dut Astanaren helburu nagusia Contadorrekin hirugarren Tourra irabaztea dela, baina aurrez aipatu bezala, ez zait iruditzen behar besteko taldea duenik, batez ere gainontzeko taldeekin alderatuz. Schleckek berriki egin dituen adierazpenarekin bat nator: “Contador ez da garaiezina, bere ahuleziak ditu”.

Atala: txirrindularitza
Etiketak: , , , , , , , , , , , , , , ,

“2010eko taldeen analisia (II): Astana, lider nagusiaren taldea”: 7 iruzkin

Nahiko ados nago zurekin Egoitz. Analisi polita egin duzu Astana taldeari buruz.

Contadorreri buruz esan behar dut Chicago Bulls saskibaloi talde amerikarrean jokatutako Michael Jordanekin gogoratzen naizela madrildarra ikusten dudanean. Alberto gai da Tourra hirugarrenez irabazteko, ez daukat zalantzarik, eta kalitate oso altuko taldea ez eduki arren bere inguruan arazoei aurre egingo die ezbahirik gabe.

Chicago Bulls-ek ez zuen talde oso ona beste batzuekin konparatuz gero baina Michael zegoen eta hori aski zen tituluak irabazteko. Noski beti gogoratu behar gara Pippen eta Rodman bezalako kirolariekin, horien laguntzarik gabe tituluak lortzea ezinezkoa izango litzatekelako. Berdina gertatuko zaio Contadorri aurten. Onena da eta ez dauka talde onena baina Pereioro, Jufre, De la Fuente… bezalakoek tituluak lortzen lagunduko diote.

piban
2010-01-20 @ 19:21

Argi dago Contador dela oraintxe 3 asteetako probetako txirrindularirik onena.Baiña Turrean aurten dauden etapak eta Armstrong zaharrak egin duen taldea ikusita,Contadorren aginte hori zalantzan jartzen dut.Kloden,Leipheimer,Popovich,Zubeldia,………. min haundia egiteko taldea daukate eta nahiz eta Astanan txirrindulari bikaiñak dauden,mendian gora asten direnean RadioShack ek izango du agintea.

latz
2010-01-21 @ 10:55

Mendian gora hasten direnean Contador-ek ez dut uste arazo handirik izango duenik, bai ordea etapa lauetan edo sasimendateetako etapetan, orduan bota dezake faltan taldea.
Astana taldearen maila benetan exkaxa iuditzen zait, artikuluan aipatzen diren izen gehienak onenak emanda dira (Vino, Tiralongo,Pereiro …), Alberto-k izagurrizko erakustaldiak eman beharko ditu bakarkako lehiaketetan eta mendiko etapetan buruz buruko norgehiagokak hasten direnean.

“Etxekoak” aipatu dituzu Astana taldean Egoitz, nik etxekotzat dudana dudarik gabe Allan Davis da, herrikidea baitut, Aupa Allan !

big lance
2010-01-21 @ 18:37

Aupa Vino!! Contadorrek zeresan handia emango duela ez dago zalantzarik baina Vinori ere bere burua erakustea gustatzen zaio, oso erasokorra eta ausarta den txirrindulari bat iruditzen zait. Bi urte geldirik egon da eta bere zigorra bete du, neure ustez or bukatzen da guztia!!! Ea beti bezain ausart jarraitzen dien AUPA VINO!!!!

"gure aditua"-ren jarraitzailea
2010-01-21 @ 20:52

Egoitzekin bastante ados natxiok, analisi ona. Hemen jendiek esateik Astanak eztaukela oso ekipo ona, baño egiye esan txar-txarra re etzakek, Tiralongo, De la Fuente, Dani Navarro, Vino, … zeoze eiteko kapaz dituk, naiz ta lengo urteko nibelea ez alleau.

Ta gero danak radioshack jartzeiabe kontrayo bezela, baño nik kontrayo goorro ikusteiat Saxo Bank, Schelck anayek, Cancellara, Voigt (eternue), Sorensen, Fulsang, … ta hauek e tourre irabaztea ziztek e !!! Argi Saxokin !!! Ta honekin batea esan, nere ustez Contadorrek hontatik ventajie atea laizkela, ze Radio Shackek eo Saxo Bankek beayen helburuek lortzeko Contadorri karrerie eiten buka laizkeabe… Tourre eztek Contador Vs Armstrong e !!! Danak danan kontra dek karrerie !!!

Enekoitz
2010-01-22 @ 19:49

Pozten naiz analisia gustuko izan duzuelako.

big lance, badaezpada, “etxekoak” nionean txirrindulari kazakhstandarrengatik nioen, Astana taldea ere herrialde horretakoa delako.

Egoitz
2010-01-23 @ 12:38

Nik Gasparottok aurtengoan ze bertsio erakusten duen ikusi nahi dut. Iaz tamalgarri ibili zen Lampren, baina orain bi urteko maila azaltzen badu, baliteke taldeak Contadorrez gain beste gizon bat izatea Martxoa eta Apirilean emaitza onak lortzeko (Vinokourov-ek berak egin dezakeenaren zain).

Tiralongo-ri dagokionez, Contadorrek mendiko etapetan izango duen taldekiderik onena dela uste dut, bi dohain garrantzitsu biltzen baititu: maldan gora ongi moldatzea (iazko Espainiako Itzulia horren lekukorik gertukoena), eta lider baten aldamenean lan egitea zer den jakitea. Fitxaketa ona berea.

Ezusteko positiboen artean berriz Valentin Iglinsky azal daitekeela uste dut. Oraindik ikusteke dago maila altuagoko sprintetan zer egiteko gai den, baina oraingoz behintzat itxura ona du.

Gainerantzean, ados nago Egoitzek aipatzen duen ahulezia hori besteek taldearengan aurki diezaioketenaren horretan. Baliteke Tourrera eramango duten taldea batzuk uste baino indartsuagoa izatea, baina momentu jakin batzuetan agian hori ez da aski izango.

Hibai
2010-01-25 @ 20:07

Zure iruzkina

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali