Menu nagusia

Eneko Garate | 2010-01-29

Belaunaldi aldaketa amaitzear dagoen ziklokros denboraldian

Igandean ospatuko da Tabor (Txekian) 2010ko Munduko Ziklokros Txapelketa eta bertako herritar bat, Zdenek Stybar, izango da irabazteko hautagai nagusietako bat. Niels Albert flandriarra izango da bere aurkari handiena. Biak izan dira azken egunerarte Munduko Kopan lehian ibili direnak. Azken froga Albert-ek irabazi zuen baina ez zuen nahikoa izan sailkapen orokorra irabazteko. Stybarrek 2. postuarekin eutsi zion Munduko Kopako lidergoari. Igorren irabazle ikusi genuen Stybar abenduan eta irabazle izan zen Tabor bertan ospatu zen Txekiako txapelketan ere. Ongi ezagutzen du bada ibilbidea eta herritarren babesean, faborito nagusitzat joko nuke.

larri1Gazteak dira biak (1986koa flandriarra eta 1985koa txekiarra), baina jada nagusi dira txirrindularitzaren neguko diziplinan. Sven Nys, azken urteetan ziklokrosean goitik behera nagusitu den gizona, aurrean izan dute denboraldi osoan eta halaxe izango dute igandean. Munduko txapelketak ez dira baina bere froga kuttuna izan eta 2005an soilik jantzi zuen ortzadar maillota. Aurten izan dezake azken aukera eta argi ibili daitezela gazteak, oraindik sua baitauka 33 urteko Nysek zangoetan.

Gure artean ere, belaunaldi aldaketa ematen ari da. David Seco guztiz desagertu da aurreko postuetatik eta baita bizpahiru urtetan aurrean ibili zen Unai Yus ere. Javier Ruiz de Ruiz de Larrinaga Amezagako mutilak iazko nagusitasuna sendotu du, nahiz eta tituluei erreparatuta iaztik pixka bat jaitsi dela dirudien. Euskadiko Txapelketan huts egin zuen, gehien kostatzen zaion zirkuitu mota lokaztu eta gogor batean. Dena dela, bigarren urtez jarraian irabazi ditu Espainiako Txapelketa eta Espainiako Kopa eta denboraldiko lasterketa garrantzitsuetan karrera ikusteko eta planteatzeko erakutsi duen gaitasunak gainontzeko txirrindulariak baino puntu bat goraxeago ibili dela erakusten du. Aurtengo sorpresa Egoitz Murgoitio izan da, Larrinagari aurrea hartuz Euskadiko Txapelketa irabazi zuena Iraetan.

Biak izango dira igandean Tabor-ko irteeran. Ez daukate lan erraza, baina 30 lehenengoetan sartzea emaitza ona litzateke bientzat. Aurreikuspenen arabera hotz egingo du eta ibilbide izoztu eta azkar bat topa dezakete bertan.

Argazkia: http://ruizdelarrinaga.com/

Atala: Munduko Txapelketa, txirrindularitza
Etiketak: , , , , , , ,

“Belaunaldi aldaketa amaitzear dagoen ziklokros denboraldian”: 6 iruzkin

Stybar indartsuena. Albert uste baino askoz ahulago (lasterketa amaitu ere ez du egin), eta Nys-ek beste zeozer behar zuen zirkuituan emaitza hobea lortzeko. Txekiarrak sinestezin: Bina laugarren, urtean bizpahiru aldiz bakarrik azaldu arren, eta Zlamalik bere progresio gorakorrean sabaia joz. Flandestarrak izan dira txanponaren aurkako aldea, Vantornout-ek zilarra lortu badu ere.

Euskaldunei dagokionez, Larrinaga 45., eta Murgoitiok ez du proba amaitu. Espero zitekeena baino pattalago beraz.

Hibai
2010-01-31 @ 22:11

Albert ez da ondo egon lesionatuta dagoelako. Saihets bat du apurtuta. Egun batzuk aurretik egin zioten elkarrizketa batean zioen aldapa gora aritzen zenean ezin zuela ondo arnastu, eta mina ematen ziola.

Saihetsa aste batzuk lehenago apurtu zuen Belgikako txapelketan. Nys-ekin garaipena lehiatzen ari zela, bere zaleetako batek kolpe bat eman zionean nahigabe.

Azken ordurarte ez zegoen argi parte hartuko zuen, baina badirudi Belgikako hautatzaileak presioa izan duela batez ere prentsaren aldetik, eta azkenean eraman egin zuen Taborrera.

Boasson Hagen
2010-02-02 @ 20:06

Ez dakit ba zer esan, ez dut uste arrazoia hori izango zenik. Belgikako Estatalen osteko asteburuan, Roubaix-eko munduko kopako proban, lasterketa ongi hasi baina eskas antzean amaitu zuen; oinazea izango zuen seguru asko. Baina hurrengo asteburuan garaipena lortu zuen Hoogerheide-n, berak hain ohikoa duen atzetik aurrerako lasterketa modua eginez. Benetako Albert ikusi zen han, eta ez dut uste arazoak ordutik okerrera egingo zuenik. Kontua da Mundiala oso bestelakoa dela, eta agian beste proba batean gaizki hasi arren buelta emateko moduan egonda ere, Munduko Txapelketak beste presio bat sortarazten du, urduri jarriko zen akaso, eta baliteke ordurarte ia ahazturik eduki zitzakeen minak berriz ere plazaratzea. Gainera, igoerekin behintzat ez zuen arazo handiegirik izango, Taborreko zirkuitua erabat laua baitzen.

Hibai
2010-02-02 @ 21:34

ziurraski arrazoia izango duzu. kontua da arrazoiren bat egongo dela Albertek hain maila baxua emateko. Bere tamainako txirrindulari batek hain maila baxua emateko arrazoi on bat egongo da.

Boasson Hagen
2010-02-03 @ 19:20

Haustura horretaz hitzegin zen, ezeztatu ere bai…ez dago oso argi eraginik izan zuen ala ez. Dena den, nire inpresioa da denboraldi haseran orain baino indartsuago zebilela Albert. Edo besteak ahulago. Begira hainbat urtetan Nys handiari zer gertatu zaion. Onena izan arren urtean zehar indarrez nahiko hustuta iristen zela mundialetara.

Dena den, egun bateko lasterketak ez dira matematikak eta denetik gerta daiteke. Eta gehiago munduko txapelketa batean. Hain gaztea izanik, seguraski presioa izeneko motxila handi batekin irtengo zen igandean.

Gaur aldiz, motxila handi hori gabe, lasterketa bat irabazi du Nys , stybar eta beste guztien aurretik. Hain ahul ere ez zegoen seinale.

Eneko
2010-02-03 @ 21:56

“Hain gaztea izanik”- diozu, baina stybar ere ez da zaharra e! Niel albert 1986 ko otsailak 5 ean jaioa da eta Stybar berriz 1985 eko abenduak 11n jaioa da!!!!!!!! Zenbait hilabeteko tartea? Nik behintzat ez nioke gaztetasunari inongo errurik botako. Nire ustez psikolologikoki stybar baino ahulagoa izan zen edo egun txar bat izan zuen eta kitto, zeren eta Enekok dioen bezala lasterketa bat irabazi berria da.

"gure aditua"-ren jarraitzailea
2010-02-04 @ 16:20

Zure iruzkina

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali