Menu nagusia

Gure aditua | 2007-04-12

Paris - Roubaix 2007

roubaix2.jpgOraindik zale askoren begiak Euskal Herriko Itzulian badira ere, igande honetan urteko probarik ikusgarrienetakoa korritzen da, Paris - Roubaix, txirrindularitzako 5 monumentuetako bat. Ez dugu euskaldunik bertan postu onik lortzeko moduan, baina ziur naiz txirrindularitza zale den oro proba hau ikusteko zain izango dela.

Espezialistentzako proba dugu hau. Bertan ez da erraza edozeinek karrera hau amaitzea, zer esanik ez beraz, ondo amaitzeko orduan edo podiumean sartzerako orduan. Beti esaten dute, proba honek aurreneko alditik maitemindu egiten zaituela… edo gorrotatu eta gehiago ez duzula korritzen.

Benetan proba gogorra, harbidezko gune askorekin. Hauen artean Arenberg-eko basokoa nabarmendu behar. Duela urte gutxi pixka bat konpondu baldin bazuten ere hau izaten da unerik erabakigarriena. Behintzat aurreneko selekzioa egiteko. Oilar nagusienak jo eta su hasten badira, bertatik helmugarainoko talde erabakigarria sortuko da.

roubaix.jpgNor izango da garaipena jokatuko duten talde horretan? Ba ez dut uste inor harrituko denik Boonen, Ballan, Hoste, Gusev, Pozzato, Bennati, Burghardt, Flecha, Kroon, Hushovd edo Van Petegem aipatzen baditut. Eta esango duzue, ez ote du Fabian Cancellara aipatu behar? Ba ez dut talde horretan jarri, iaz bezalaxe ihes eginda iritsiko denaren susmoa baitut. Aurreko igandean lauean egin zuen erakustaldiaren ondoren, eta bere ezaugarriak ezagututa, hautagai nagusitzat ematera derrigortuta nago. Iaz, arrazoi gutxiagorekin berorren izena eman baldin banuen hautagai nagusitzat, aurten oraindik eta lehenago. Zoro puntu bat badu eta batzuetan horretxek galtzen du. Honen erasoaldia edozein lekutan espero daiteke eta horretxen zain egongo gara denok. Berak esana da gainera euri eta lokatzetan irabazi nahi duela Roubaixko belodromoan, ezerri beldurrik ez duenaren erakusgarri, aldameneko argazki honetan ikusten den bezala. Modu horretantxe irabazi nahi du suitzarrak. Ea hori ikusteko moduan garen, nahiz eta ez diedan ezer txarrik opa txirrindulariei, irrikitan bainago argazkian bezalako lokatzetan txirrindulariak borrokan ikusteko.

Atala: txirrindularitza

“Paris - Roubaix 2007”: 29 iruzkin

Zuk esandako izenen artean, niretzat atzo arte ezezaguna zen Marcus Burghardt aipatu nahiko nuke (T-Mobile). Zenbat neurtuko ote du gizaseme honek? Bizikleta gainean behintzat izugarria ikusten zitzaion atzo, Gent-Wevelgem lasterketan, bi kilometroren faltan Freire eta beste hiru iheskideak atzean utzi zituenean.

Sekulako indarra, eta 23 urte besterik ez.

Rudicioren semea
2007-04-12 @ 13:06

Marcus Burghardten iritzia gogokoa duen Paris-Roubaix lasterketaren inguruan: “As I always say: Paris-Roubaix is the world’s greatest cyclo-cross race…”.

(Euskaraz) Beti esaten dudan bezala: Paris-Roubaix munduko ziklo-kross lasterketa handiena da.

Rudicioren semea
2007-04-12 @ 13:14

kaixo:
gaur etxarritik pasatzen da euskal herriko itzulia nire amonaren herritik gaur niretzat valverdek atakeren bat joko du. eta hor izango da marchante ere

ahetze
2007-04-12 @ 14:05

Burghardt aurten oso ondo dabil. Flandeserako ere hautagaien artean sartu zuten askok baina azkenean ez zuen garaipenerako burrukan sartzeko aukerarik izan. Egun horretan indarrak xahutzen hasi ote zitzaizkion pentsatzen hasi nintzen baina dirudienez oraindik badu, eta ez gutxi gainera!!!

Aritz
2007-04-12 @ 14:06

Kuriositatez… ba al dakizue nor gelditu zen hotelean tripako minarekin, UCIko banpiroen bisitaren ondoren? Benatti.

Lanpreko webgunean irakur daitekeenez Benatti atzo hotelean gelditu zen, deskantsatzen, eta oraindik goiz da Roubaix-erako behar bezala egongo den jakiteko… Bakoitzak nahi duena pentsa dezala.

Rudicioren semea
2007-04-12 @ 14:26

Ederra argazkia!
Niri behintzat lasterketa ikusteko gogoa jarri didazue.

Adituari ez omen zaio nabaritzen Cancellararen forofo sutsua denik e!

Oihan
2007-04-12 @ 15:36

kaixo:
esan dut ba nik marchante aterako zela bana zorionez nire kinielan zegoen jeans voigt ek irabazi du

ahetze
2007-04-12 @ 17:31

Nik ez dut uste Cancellarak irabaziko duenik. Iaz erakustaldia eman zuen baina hautagaien zerrendan mantendu arren, aurtengoa ez da iazkoa bezain ederra izango Fabianentzat. Adituak aipatu dituen hautagaiekin, dena den, nahiko ados nago. Hori bai, nik hiru izen kenduko nituzke: Van Petegem, Flecha eta Hushovd. Hiruak ez dabiltza oso fin. Batez ere Quick Stepekoa. Honez gain, Jenryk ondo azpimarratu zuen Burghardt alemaniarra eta baliteke lehenengo hamarren artean izatea. Hala ere, iaz bezala nik ere nire kuttunarengatik egingo dut apustua: Tom Boonen handiak irabaziko du “harrien oroigarria”. Ez dabil batere fin, baina jarraitzaile sutsua denak amesten ere ikasi beharko. Aurrera Boonen!

Honez gain, aipatu behar dut Paris-Roubaix nire klasika dela. Gehien gustatzen zaidana. Harbide horiek eta trenek (jeje) bero bero jartzen naute! Oraindik gogoan dut Servais Knaven herbeherearrak irabazitakoa. NEGAR EGIN NUEN ILUSIOZ! Etxekoak siestan lo ziren, nire garrasiak esnatu zituen! Estrategia bikaina egin zuten urte hartan Farm Frites taldeko kideek (egun Quick Step -zati bat bederen-).

P.D.: AHETZEri zuzendua: txikito, nahiko astuna zara eh? Tropeltxoan onartu zintudan eta zu bakarrik joan zinen (azkena zinelako). Orain berriro sartu nahi duzu zure “Voigt” maiteak irabazi duelako. Niri ez nahastu gero! Eta ez, azken putza izateko ez dizut utziko sartzen. Bestela asko haserretuko zea eta! :)

Patxi Errementaria
2007-04-12 @ 18:03

hasi kale kantoietan tropelaren posterra hartuta zeloarekin pegatuz hori bai nik ez dut nahi lanik egin beraz tropelekoei hobe uztea lan hau. patxi errementaria ere jar dezakezue lan honetan je je

ahetze
2007-04-12 @ 20:15

gure adituarekin erabat ados nago, cancellara da lasterketa honetan faborito nagusia, baina Patxi Errementariaren antzera ni ere Boonen zalea naiz eta honek irabaztea nahiko nuke. Baina Ballan eta Hostek erakutsi zuten oso momentu onean daudela eta ondo molda litezkeela. Ia ahaztua nuen, zer gertatzen da hincapie-rekin? Flandriako tourrean ez nuen ikusi eta gure adituaren faboritoen artean ere ez zen ageri, ondo egon ezkero kontuan eduki beharreko beste gizon bat iruditzen zait.
Ah ahetze, ze izen erabiltzen duzu tropeleko kinielan? asko hitzegin eta gutxi ulertzen duen horietakoa zarela iruditzen zait jeje!!!

GURE ADITUAREN JARRAITZAILEA
2007-04-12 @ 21:03

Hey, argazkikoa Tchmil izango da, ala? Dio, hori da hori irudia!!

Knaven-ek irabazitako Paris-Roubaix horri dagokionez…Farm Frites-en estrategia zein ote zen ez dakit, bai ordea arerioa etxean azaldu zitzaiela: Museeuw jaungoikoarengatik izan ez balitz Vainsteins-ek zapuztuko zukeen Knaven handiaren ametsa.

Aurtengo ediziora pasata…Ikusi beharko Boonen-ek RVV-n izandako erorikoak ze oinaze utzi dizkion. Ongi bada, aurrekoan esan nuen moduan bere amorrua Cancellara-ren indarraren aurka ikusi ahal izango ditugula uste dut, eta hurrengo maila batean Hoste eta Ballan. Gustora ikusiko dut Gusev gudari handia ere. Iaz egindakoak oiloipurdia jarri zidan.

Burghardt-i uste dut luzetxo egingo zaiola, eta bere taldekide Eisel eta Hammond hobeto ibiliko direlakoan nago. Eta oso gertutik jarraitu beharreko beste bat Gert Steegmans izan daitekeela uste dut.

Patxik esan duen moduan, nik ere Flecha ez dut ongi ikusten. Hushovd badirudi pixkanaka hoberantz datorrela. Eta ez dut uste Paris-Roubaix Bennatirentzako moduko lasterketa denik, nahiz eta txirrindulari hau gustoko izan eta joan den astean ere hanka sartu nuen. Lampreko Franzoi ziklo-kross espezialista handia agian ikusiko dugu.

Iganderako plan bikaina: Paris-Roubaix eta Katatonia. huohuohuo

Jenry Kissinger
2007-04-12 @ 21:51

Bai Jenry, Tchmil da. Ez dakit ziur ze urtetatako argazkia den baina ikusgarria da, bai!! ea aurten ere antzeko zerbait dugun, ez? ez zitzaidan asko axolako.

Neuk ere ez dut agian Flecharekin gehiegi konfiatzen baina antzeko zerbait gertatzen zitzaidan Hosterekin Flandesen eta begira, ez zitzaion asko falta izan eta ez nuen nahi aipatu gabe geratzerik.

Gure aditua
2007-04-13 @ 10:48

mesedez esan diezadake norbaitek zertan dabilen edo zer moduz dagoen hincapie amerikarra??

GURE ADITUAREN JARRAITZAILEA
2007-04-13 @ 15:18

gure adituaren jarrailtzailea nik nire kinielan mari erabiltzailea erabiltzen dut or duzu nire erantzuna

ahetze
2007-04-13 @ 15:39

Hincapie-k Californiako Tourrean erorikoa izan zuen. Eskumuturra nahikoa minduta geratu omen zitzaion, eta hasiera batean Flandes-eko klasiko handiren batean parte hartu ahalko zuela pentsatu bazen ere (egitekotan beti ere aurreprestaketarik gabe, hortaz aukera oso oso gutxirekin), harbideak sor lekiokeen sufrikarioa kontuan izanik Georgiako Tourrean (Apirilaren 16tik 22ra bitarte) berragertzea erabaki zuten.

Ah, aipatu ez genuen beste bat Wesemann zakur zaharra da.

Jenry Kissinger
2007-04-13 @ 18:11

Bai, Andre Tchmil handia da argazkikoa! (Graham Watson argazkilariarena, agian aipatu beharko litzake). Zehazki 2001eko edizioan ateratakoa da. Istripua izan zuen Rolf Sorensenekin. Egia esan, gogoan nuen eroriko hori eta gordeta nituen egunkari zatietara jo nuen begiratzea (Meta2Mil egunkari mitikora!). Hantxe topatu nuen. Kasualitatea, nik aipatu nuen urtekoa baita. Knavenek Domo-Farm Frites taldearekin batera irabazi zuenekoa. Lehen hiru postuak beraientzat (eta laugarrena, Peteers mitikoarekin). Urte hartan erorikoaren ondoren, Tchmil zortzigarrena izan zen!

Hona hemen sailkapena:

1 Servais Knaven (Ned) Domo-Farm Frites
2 Johan Museeuw (Bel) Domo-Farm Frites
3 Romans Vainsteins (Lat) Domo-Farm Frites
4 George Hincapie (USA) Us Postal Service
5 Wilfried Peeters (Bel) Domo-Farm Frites
6 Ludo Dierckxsens (Bel) Lampre Daikin
7 Steffen Wesemann (Ger) Team Deutsche Telekom
8 Andrei Tchmil (Bel) Lotto Adecco
9 Chris Peers (Bel) Cofidis
10 Rolf Sorensen (Den) CSC-World Online

Iturria: http://www.cyclingnews.com/results/2001/apr01/proubaix/results.shtml

Bestalde, lastima da Hincapiek ez parte hartzea, borrokarako prest egoten zen bakarrenetakoa zen eta. Aipatutako faboritoen zakuarekin itzuliaz, Steegmans iaz ez zen batere fin ibili (61.) eta Burghardt berriz nahiko txukun (22.). Hala ere, aurten Boonen-ek irabaziko du berriro! :)

Patxi Errementaria
2007-04-13 @ 22:28

Boonen-ek ez du lehen hamarretan bukatu igandeko proba.
Sentitzen dut baina aurten nahiko pattal dabil.

Oihan
2007-04-14 @ 1:46

Akaso nire hitzak irentsi beharko ditut, baina lehen hamarren artean ez ezik irabazlea izango da. 2005ean bezala. Pattal ibiltzearena klasika handietan esan nahiko duzu, ezta? Izan ere, Boonen da aurten etapa gehien irabazi dituen txirrindularia. 8 zehazki:

- Stage 2: Tour de Qatar - Qat - cat. 2.D - (2.1)
- Stage 3: Tour de Qatar - Qat - cat. 2.D - (2.1)
- Stage 4: Tour de Qatar - Qat - cat. 2.D - (2.1)
- Stage 6: Tour de Qatar - Qat - cat. 2.D - (2.1)
- Stage 4: Vuelta a Andalucia (Spa)
- Kuurne-Brussels-Kuurne - Bel - cat. 1.C - (1.1)
- Dwars door Vlaanderen Waregem - Bel - cat. 1.C - (1.1)
- E3 prijs Vlaanderen - Bel - 203 km - cat. 1.B - (1.hc)

Irabazleen ranking-a: http://www.cycling4all.com/index.php?content=r_07win1.php

Berriro diot, agian nire hitzak jan beharko ditut baina ederki gustura!!! Quick Step taldeko handikoteak igandea alaitzea espero dut!

Patxi Errementaria
2007-04-14 @ 2:28

Steegmans joan den urtean pattal ibili zela? Ez dakit gogoan izango duzun, Patxi, baina Aremberg onenekin pasa zuen. Gero jendea hortik geratzen hasi zen (Steegmans, Franzoi,…), baina suposatzen dut Steegmans Van Petegem-en alde ibiliko zela, eta hortik helmugara lasai antzean joango zela. Noski, irabazteko ez zegoen, baina aurreneko agerraldia izateko, ez zen eskasa izan.

Irudi mitikoei dagokionez, nik beste batzuk ere baditut gogoan. Aurrenekoa, Duclos-Lassalle eta Ballerini-ren arteko sprinta belodromoan. Sprint itxi-itxia, ikaragarria. Ballerinik amaitu bezain laster besoak jaso zituen, baina…Duclos-Lassalle handiarentzat garaipena!! 92 edo 93. urtea izango zela suposatzen dut, inguru horretan bai behintzat. Gainera orduan Euro Sport-ek bakarrik eskaintzen zuen klasiko handi hau, eta gogoan dut Donostiko taberna batean ikusi nuela.

Beste irudi handi bat, nola ez, Johan Museeuw Flandesko lehoiak eskainitakoa. Mol bat zulatu eta ezbehar (gutxienez) izan zituen edizioa; ez dakit 2001koa izango zen. Kontua da, ezbeharren gainetik, harbidean arerio ia guztiak harrapatzen eta atzean uzten joan zela…Izugarria!! Berak azkenekoz irabazitakoa ere handia izan zen, emoziorik izan ez bazuen ere…

Eta Patxirekin ados, Boonen ez dabil makal. RVV eta Het-Volken baino ez du huts egin, eta aurrenekoan ikusi beharko litzateke erorikorik izan ezean gertatuko zatekeena. Milano-San Remo-n hirugarren izan zen, bere emaitzarik onena “classicissima”-n.

Baina gogoratu, Quick-Step-eko “handikotea” Steegmans da…hehehe. Has bedi ikuskizuna, Fermin!!

Jenry Kissinger
2007-04-14 @ 20:06

Bueno oihan, azkenean erdi pareko. Boonenek ez du irabazi baina seigarrena izan da klasika bikaina (hobea izan zitekeen) egin ondoren. Bakarrik jo behar izan du, faborito izateak duen galera dela eta.

Dena dela, O’GRADY handia da oso. Asko poztu naiz berak irabazi izanaz. Merezi du betidanik txirrindulari bikaina izan delako eta horrelako garaipen bat behar zuen. Egia esan, CSC taldea da egun klasiketarako gauza guztiak ondoen neurtzen dituen taldea. Bejondeiela beraiei ere. Cancellarak pott egin du aditu, hurrengoan asmatuko duzu. Nik uste nuen kaka egingo zuela eta halaxe egin du.

Gainontzean txukun Flecha eta nola ez Wesemann zakur zaharra eh Jenry? Alemaniarrak merezi du oroigarri bat betidanik eman duen gerragatik eta lortu dituen postu honengatik. Baina batez ere bere taldearengatik (Wiesenhof) pozten naiz podium batek klasika handienetako batean asko esan eta suposatzen duelako (kirol bizitzari-babesle begira).

Azkenean, gauzak ezustean baina protagonista oso ezagunak. Pozten naiz Leukemansengatik erregularrena izan da apirilean. Gehiago baloratu behar den txirrindularia da.

Finean, aupa Boonen erakustaldi partzialarengatik eta zorionak O’Grady.

Sailkapena:

1 Stuart O’Grady (Aus) Team CSC 6.09.07
2 Juan Antonio Flecha (Spa) Rabobank
3 Steffen Wesemann (Swi) Team Wiesenhof Felt
4 Björn Leukemans (Bel) Predictor-Lotto
5 Roberto Petito (Ita) Liquigas
6 Tom Boonen (Bel) Quickstep-Innergetic
7 Roger Hammond (GBr) T-Mobile Team
8 Enrico Franzoi (Ita) Lampre-Fondital
9 Kevin Van Impe (Bel) Quickstep-Innergetic
10 Fabio Baldato (Ita) Lampre-Fondital

Patxi Errementaria
2007-04-15 @ 17:22

Ahaztu zait aipatzea nik Flecharekin hanka sartu dudala, ondo ibili da espainiarra (bikain eta handienetakoa bihurtzen ari da Paris-Roubaix-n). Steegmans berriz, PATTAL Jenry! jeje

Patxi Errementaria
2007-04-15 @ 17:25

aizu ikusgarria izan da tropeleko erorikoa gehienak erori dira eta etb 11eko komentaristak buno zer esanik ez hau esan dute:
-hauts asko dago, enpastea egiteko ez da pagatu beharrik egongo

ahetze
2007-04-15 @ 19:07

Ez dut Paris - Roubaix ikusteko modurik izan. Dirudienez klasiko hasieran sortu den ihesaldiak garrantzi handia izan du. Nik neuk uste nituen txirrindulariak (uste dut denen ahotan zebiltzan izenak zirela) ez dira agertu baina klasika honetan aurreikuspen bat ematea zaila dela erakutsi digu.

Flecha gaizki zebilela esaten zuten askok. Egia esateko niri antzeko zerbait gertatu zitzaidan Hosterekin Flandesen eta horregatik ez nuen nahi izan hemengo garaipenetik aldentzerik. Kasta handiko mutila dela erakutsi du beronek.

Eta datorren astean Amstel Gold Race. Lasterketa horretarako protagonistak zeharo aldatuko dira baina. Harbideetan iaioak direnek beste ezaugarri batzuek dituztenei utziko diete lekua. Hor aurrean ikusi behar genituzke Bettini, Valverde, F.Schleck, Samuel Sanchez, Di Luca, Cunego (uste dut ez dela parte hartzekoa), Boogerd, Freire (bukaerak ez dio asko laguntzen) edo antzeko batzuek. Urte hasieran, garai honetarako Astana taldeko liderra Kashechkin izango zela esan zuten. Oraindik agerraldirik egin ez badu ere badut kuriositatea esan zutena betetzeko gai izango den edo ez ikusteko.

Saunier Duvalek datozen klasikoetarako talde polita izan behar luke, G.Marchante (erorikoa bere horretan geratu baldin bada), K.Gil, Cobo eta Riccorekin.

Gure aditua
2007-04-15 @ 22:11

hehe Patxi, banengoen ba ni Steegmans-ena gogorarazten ez zenidala…Hanka ederki sartu nuen berarekin. Azaldu ere ez. Lasterketa ez zuen amaitu, hortaz ez dakit zeozer izango zuen edo besterik gabe indar falta izango ote zen.

Lasterketak emozio falta pixka bat izan zuen. Hala ere, O’Grady merezi zuen bai horrelako garaipen handi bat, neronek Paris-Roubaix irabaziko zuenik uste ez banuen ere. Wesemann zakur zaharrak ere erakustaldia eman zuen. Hala ere atzokoan indartsuena Boonen izan zen nere ustetan. Bere kaltetan, lasterketa taktiko xamarra izan zela, hasierako ihesaldiarekin.

Eta tira, Amstel-era pasa aurretik Flandesko klasikoak amaitzen utzi behar, ala? Asteartean Eskalda Flandes Sari Nagusia (edo Scheldeprijs Vlaanderen) korrituko da, ta hor amaituko da iparraldeldeko festa. Patxik esan zuen moduan lasterketa hauek ere jarraipen bat merezi dute eta…Boonen, Hoste, McEwen, Hammond, Zabel, Weylandt edota Cooke bertan izango dira. Baita Tjallngii laguna ere, hehe.

Jenry Kissinger
2007-04-16 @ 12:47

Jenry, nire ustez eguraldiak dezente eragin zuen lasterketan. Gutxitan ikusi izan da horren eguraldi ona. Okerrena harrotzen zen hautsa zen eta emozio dezente kendu zion lasterketari. Euria egin izan balu Boonen aurrerago ibiliko zen hobeto moldatzen baita. Non geratu dira lokatz festak? Ea datorren urtean euri pixka bat egiten duen.

Eskalda Flandes Sari Nagusiari dagokionez, ez da apirileko beste klasiken mailakoa baina badu bere garrantzia. Iaz Boonen izan zen garaile, De Jongh taldekidea bigarren eta Steegmans (aiiiiii Jenry!) hirugarren. Aurten hiruak talde berean daude. A ze emozioa!!!

Hautagaiak: Boonen (ziur irabaziko duela, jajaja; oihan bota beste erronka bat), Steegmans, McEwen, Zabel, Brown, Eeckhout, Chicchi eta Hammond. Baita Guidi/Hunter, Hunt eta Tombak zakur zaharrak ere.

Patxi Errementaria
2007-04-16 @ 13:28

Eguraldiaren kontuarekin bat nator. Iragarpenak zeintzuk ziren ikusita, txirrindulari askok hasiera baten espero ez ziren gizonak ikusiko genituela zioten, eta hein batean hala izan zen.

Eskalda Flandes SN-rekin jarraituz, berez Het Volk eta Harelbekeren maila berdinean dago sartuta, nahiz eta nere ustetan behintzat aurreko bien sonarik ez duen (aurrenekoarena batez ere; Het Volk zeozergatik da “Flandesko Tour txikia”). Kontinental pro taldeei dagokienez, Cathoven eta Van Hummel azkarrak ere aipa litezke.

Jenry Kissinger
2007-04-16 @ 20:56

Eskalda Flandes SN Cavendish britainiar gazteak irabazi zuen. McEwen berari gailentzeko gai izan zen. Gauza onak irakurriak nituen bere inguruan, eta antza ez zeuden oker. Pistan ere maila altua omen du.

1 Mark Cavendish (GBr) T-Mobile 4.09.00 (47.469 km/h)
2 Robbie McEwen (Aus) Predictor-Lotto
3 Gert Steegmans (Bel) Quickstep-Innergetic
4 Wouter Weylandt (Bel) Quickstep-Innergetic
5 Graeme Brown (Aus) Rabobank
6 Claudio Cucinotta (Ita) Tenax-Menikini
7 Erik Zabel (Ger) Milram
8 Baden Cooke (Aus) Unibet.com
9 Daniel Musiol (Ger) Wiesenhof-Felt
10 Steven Caethoven (Bel) Chocolade Jacques-Topsport Vlaanderen

Jenry Kissinger
2007-04-20 @ 11:48

Eta Steegmans? jeje.

Patxi Errementaria
2007-04-20 @ 14:38

hehe…hirugarren, ez dago gaizki.

Jenry Kissinger
2007-04-20 @ 18:11

Zure iruzkina

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali