Menu nagusia

Tropela Elkartea | 2008-04-13

Vuelta al País Vasco

Atzo Orion izan ginen egun pasa beste zaletu asko bezala. Xaloa tabernan bazkaltzeko asmotan geundela herriko Karkara aldizkariari begirada bat eman guztiz identifikatuta sentitu ginen zutabe-artikulu bat topatu genuen Euskal Herriko Itzuliari buruz eta hona ekartzea erabaki genuen. Artikulua Ana G. de Txabarrik idatzia da eta hemen daukazue oso-osorik:

Vuelta al País Vasco

Euskal Herritik pasa behar duenean ahaleginak eta bi egiten dira munduko txirrindulari proba handienak ere aitor eta erakuts dezan euskaldunen herrian gaudela. Izugarrizko garrantzia ematen diogu, gutxi bada ere, Tourrean zerbait euskaraz agertzeari: toki izenak elebitan ikusteari, arrivé-rekin batera helmuga azaltzeari. Txirrindulari saiatuei eta gogorrei animoak emateko ikurrinen koloreekin betetzen ditugu Pirineotako zelaiak: jakin dezatela nolakoa den zaletu euskaldunaren grina.

Hemen dugu gurea, Euskal Herriko izena daraman txirrindulari itzulia, handia izan nahi duena, bertako periodiko batek antolatua, etxeko erakundeek lagundua, herriko jendeak eskuzabal musu-truk bultzatua eta aterako ditugu ikurrinak eta grinak, zaleez gainezka beteko ditugu Aiako eta Orioko zelaiak, baina bideko bazter batean ahaztuta utziko dugu euskararen herrian gaudela: Hitz bat bera ere ez dator euskaraz Organizaciones deportivas El Diario Vascok emandako txosten eta argibide liburuan.

Tori Itzulia!

Nork emango dio buelta horri?

ANA G. DE TXABARRI

[Karkara aldizkariko 239. alea]

Atala: Euskal Herriko Itzulia, euskara
Etiketak: , , , , ,

“Vuelta al País Vasco”: 15 iruzkin

Kritikatzen ari garenez, nire ustez lotsagarriagoa izan da Orio-ko helmugarekin egin dutena. Itsu batek ere ikusiko luke inmobiliariek helmuga erosi dutela. Orioko kostaldea bezain leku eder batean, denbora osoan helikopterotik, egiten ari diren eraikuntzak bakarrik enfokatu dituzte. Helmuga jartzeko orduan ere nik uste dut bazeudela leku egokiagoak, oraindik egin gabeko urbanizazio batean egin ordez (begira non egiten dituzten Italian). Biribilgunea hartu eta kilometro erdi eskuinetara joateak ez du zentzurik, baldin eta inmobiliariek ez badute dirua jarri.

Bestalde ETB-k egin duen lan kaxkarra ere kritikatu nahi nuke. Aurten ere gehienetan bezala emankizunak oso txarrak izan dira eta ez dago aditua izan beharrik hortaz konturatzeko. Atzoko erlojupekoan esaterako ez genuen Arrutiko igoera ikusi ere egin, denbora osoan Aiako biribilgunea besterik ez ziguten erakutsi. Nik ez dut eskatzen Tourraren perfekziora iristerik, baina Vuelta Castilla y León-etik ere argi urtetara gaude. Gaur Paris-Roubaix ikusten aritu naiz eta diferentzia ikaragarria da, seinalean ez da interferentziarik txikiena ere egon. Lasterketa asko ikusi ditut eta azken urteotan denboraldiko emankizunik txarrenak, alde handiarekin gainera, Euskal Herriko lasterketetakoak izan dira. Euskaldunok sekula ez omen gara onak izan gure produktuak saltzerakoan, baina txapuza hau ez dago onartzerik. Hau gehiegizkoa da.

Adreilu handi xamarra atera zait, ez dakit besteok zer iritzi daukazuen.

ni
2008-04-13 @ 18:08

Erabat ados. Baina ondotxo dakizu ia dena bezala Euskal Herriko Itzulia ere interesen arabera mugitzen dela. Ori’Or-eko helmuga “paktatua” zen eta jakinda zein den herri hortako alkate-kirolaria (egin dituen aldaketa guztiekin bere herri maitatuan), erraz ulertzen da gertatutakoa.

Inaxio
2008-04-13 @ 18:47

“ni”-rekin ere ados nago. Baina Euskal Herriko Itzulia posible egiteko dirua behar da, eta diru hori babesleek jartzen dute (inmobiliaria barne).

julenjo
2008-04-13 @ 19:02

Egia esan lasterketak Orioko kostaldearen txikizioa erakusteko behintzat balio izan du. Batzuk horrelakoak Marbellan bakarrik gertatzen direnaren ustean egongo dira, baina hemen ere adreilua, masa eta diru zikinaren kalte berreskuraezinak nabarmenak dira.

Hemen ez daukagu Julian Muñozik, baina PNV-koak dauzkagu eta berdin-berdinak dira.

ni
2008-04-13 @ 19:42

barkatu gaia aldatzeagatik.

tontakeria irudituko zaizue baino norbait gogoratzen da ze ardo marka saritu zuten lehengo urteko tourrean?

apostu kontuak dira

xabierss
2008-04-13 @ 22:18

Banatu zen ardoa zein zen esan aurretik gustatuko litzaiguke jakitea apustua egin duzuenok zein ardo marka uste duzuen… xabierss: Zuen ustez zein zen?

Oihan
2008-04-13 @ 22:28

Vuelta al Pais Vasco, gogoeta bat hizkuntzaz…

karkara aldizkariko artikulua jarri dute tropela.net agerkari digitalean.gogoet interesgarria, Tourreko gure eskaerekin konparazioa eginez. http://www.tropela.net guneak, orain ere ondo hasi du denboraldia. Aipagarria, diseinua, edukiak eta tresna bera…

zabaldu.com
2008-04-13 @ 23:42

Ez dut batere exageratuko, Orioko 5. etapa amaitu eta ordu erdi baino gehiagoz helikopterotik obrak eta inmobiliarien kartelak enfokatu zituzten. Hemen batzuei txirrindularitza bost inporta zaie, kontua negozioa egitea da. Gauza bat da udal batek helmuga erostea herria promozionatzeko, baina non ikusi da inmobiliariek helmuga erostea, beraiek saldu ezinean dabiltzat adosatu eta duplexak saltzeko?
Hau al da nahi dugun Euskal Herriko Itzulia?
Non geratu da Euskal Herriko Itzuliaren prestigioa?
Zer pentsatuko dute munduan zehar ikusten gaituztenek?
Hain baju erortzen jarraitu behar al dugu?

liugflpiug
2008-04-14 @ 8:27

Beharbada gauzak nahastera nator, baina pentsatzen dudana libreki agertu nahiko nuke.

Ana artikulu idazlearekin erabat ados nago. Euskal Herriko Itzuli bat nahi bada, euskarazko itzuli bat izan behar du nahi eta nahiez. Tourreko agintariekin egindako esfortzuak utsal geratzen dira bertako gabeziak hobetzeko gauza ez bagara.

Eta Euskal Herriaz ari garela, konturatu al zarete 2008 Euskal Herriko Itzuliko DVk ateratako mapa nolakoa den? Bai, hiru probintziatako mapa. Batzuentzat Biana mugaz kanpo geratzen da. Benetan penagarria gaur egunean oraindik gauza hauek egoera honetan ikusi beharra.

Egoitz
2008-04-14 @ 18:24

Ni neuz ez nintzen jabetu horretaz (kontzientziak astinduren bat emango dit honen inguruan…), bai ordea web orriaren hizkuntzan. Gaztelera hutsean, penagarria eta batez ere lotsagarria. Ehunka eta milaka bisita izango zituzten egunotan, eta zer eta euskaraz ikusteko aukerarik ez, ez eta Euskal Herritik kanpokoei bertako hizkuntza bat badela irudikatzeko aukerarik ere. Honek sutan jartzen nau.

Bestalde, agian itzuliari izen aldatu eta “Vuelta al País Vasco-Sur” jarri beharko litzaioke…

ETB-ren emanaldien inguruan, egia da eskas xamarrak izan direla. Hala ere, okerrena dela uste duenak ez ditu seguru asko Valentziako Itzuliaren azkeneko bi edizioak ikusi…

Hibai
2008-04-14 @ 19:17

Antolatzaileek euskara gehiegi maite ez dutela esatearekin, guztiz ados. Emanaldiak exkaxak izan direla esatearekin, ere. Baina maparena gehiegizkoa iruditzen zaidak, Egoitz.
Askotan iruditzen zaidak Nafarroa iparraldean Euskal Herri ‘ofizialeko’ leku askotan baino euskaldunagoak direla. Eta berdina esan dezaket Frantziako herri batzuetaz, baina zer da ba mapa bat? Mapak daudelako daude hainbeste gatazka munduan. Zein izango zen zure ustetan Euskal Herriaren mapa egokiena ba?
Nahikoa lan badaukagu euskara merezi duen lekuan jartzen. Ez gaitezen mapekin nahastu…

Rudicioren semea
2008-04-14 @ 20:09

Norbaitek argitu behar didana da nondik nora darabilten buruan antolatzaileek Iruñean etapa amaiera bat jartzea. Egia esan kosta egiten da Barcina, Grupo Vocento eta Euskal Herriko Itzulia zaku berean sartuta ikustea.

Arlo teknologikoan berriz Euskal Herriko Itzulia oso desfasatua dabil. Kaliforniako itzuliak esaterako 10 buelta t’erdi ematen dizkio Euskal Herriko Itzuliari. Hau bai dela ondo landutako web orria:
http://www.amgentourofcalifornia.com/

liugflpiug
2008-04-14 @ 21:01

Euskal Herriko mapak zein behar lukeen? “Euskal Herria” terminoa erabiltzearekin, zuk zeuk eman duzu erantzuna…Beste gauza bat da Euskal Herria esatean euren burutan “Euskadi” izatea. Baina ez dut uste Egoitzek ezer nahastu duenik, kontraesan bat (kasurik onenean, ez baitut uste kasualitatearen ondorio denik) agerian jarri baino ez du egin.

Eta liugflpiug, uste dut Californiako itzuliaren web orriak (lasterketa zuzenean jarraitzeko baliabideak batez ere) edozein lasterketakoari ematen dizkiola 10 buelta t’erdi. Euskal Herriko Itzuliaren profilak behintzat txukun xamarrak ziren, gainontzekoa, eskas antzean.

Hibai
2008-04-15 @ 9:18

Beno Diario Vasco-ri ez gara sasoi honetan Euskal Herria eta euskararekiko maitasuna eskatzen, ezta?
ETB-ko trasmisioak kaskarrak direla ez nuke esango orohar baina bai azken etapan ez zirela oso fin ibili. Nik ikusten ditudan beste kirol emankizuekin konparatu egiten ditut eta ez daude hain gaizki ere.

iñaki
2008-04-16 @ 23:07

Iazko Oiartzungo etapa eta gero uste nuen gauzak aldatuko zirela. Norbait gogoratzen ez bada, etapa erregina eskaini beharrean grabatutako irudiak eman zituzten, eta helikopteroa erabat galduta txirrindularien arrastorik gabe (ProTourreko lasterketa batean).

Aurtengo itzulian ere erakutsi dute inongo aurreikuspenik gabe ibili direla, inprobisatzen uneoro. Itzuliko punturik beroena, Aiako igoera, asko hobetu zitekeen kameraren bat aldamio batera igoaz igoeraren amaieran. Ni behintzat telebistaren pantaila bi zatitan ebaki zutenean ez nintzen ezertaz enteratu. Orioko erlojupekoa berriz, okerrago ematea zaila zen, baina itzuli osoan zehar ere niri behintzat ez zait batere gustatu nola aritu diren.

liugflpiug
2008-04-17 @ 11:38

Zure iruzkina

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali