Menu nagusia

‘Arroyo’ etiketa duten berriak

Raul Perez | 2010-05-31

Gladiadoreak eta lehoiak

Ez dago iruzkinik

bettiniphoto_0054879_1_full_600“Ave cesar, morituri te salutant” esan ei zieten gladiadoreek
enperadoreari, coliseumaren harera ateratzen zirenean, bai baitzekiten lehoien bazka bilakatuko zirela minutu gutxiren buruan. Coliseumean ez. Veronako anfiteatrora iritsi ziren txirrindulariak Giroko azken arnasean, igandean. Hala ere, aktoreak bezala baino gehiago, gladiadoreen pare aritu dira denak, Moltalcinoko lokatzean, L’Aquilan, Zoncolanen gora edo Gavian, elur horma artean. Enperadoreen sasoian gladiadoreek beso eta bular gihartsuak zituzten ezpatari eta abarri behar bezala eusteko. Gaur egungo gladiadoreek, ziklistek, hanketan dituzte giharrak. Haientzat lehoiak bezain zitalak dira Mortirolo, Zoncolan edo Kronplatzeko malkarrak.
Basso izan da onena, bai,baina beste askoren joa gabe Giroa ez zen horren ikusgarria izango. Arroyok ahaleginak eta bi egin zituen maglia arrosari eusteko –zeinek esango zion pare bat aste lehenago horrela ibiliko zenik!-. Scarponi eta Nibali ere goi-goian ibili dira, eta horren goian izan ez badira ere, aipamen berezia merezi dute Evansek eta Vinokourovek. Haiek ere distira eman diote Giroari. Marco Pinotti ere borrokatu da. Baita John Gadret igotzaile frantziarra ere. Richie Portek zur eta lur utzi du bat baino gehiago. Australiarrak erakutsi du etorkizuneko txirrindularitzaren izen handietako bat izan daiteke, baina noski, hori erakutsi beharko du datozen urteetan. Eta ezin ahaztu euskal txirrindulariak, Xabier Zandio eta Iban Mayoz. Haiek ere beren alea utzi dute Giroan.
Egiari zor, lehenengo astea eta gero, Evans eta Vinokourov ikusten nituen nik beste guztien gainetik, baina azkenean ez bata ez bestea ez dira ezta podiumera igo.

Eta Giroa bukatuta, albistea beste nonbaitetik iritsi da: Alejandro Valverdek ezin izango du parte hartu inongo lasterketatan 2012ko urtarrila arte, Puerto auziarekin zerikusia izan zuelakoan zigortu baitute. Eta Giroan puri-purian zegoela, jakin genuen Mikel Astarloza sanpedrotarra ere ez dugula luzaroan lehiatzen ikusiko. Haien aurrean enperadoreek hatz potoloa beherantz jarri dute. Astarloza eta Valverde ere gladiadore peto-petoak dira, edozein lasterketatan onena emateko prest dauden horietakoak. Haien falta sumatuko dugu txirrindularitza zaleok, ziur.

Argazkia: www.cyclingnews.com

Atala: Italiako Giroa
Etiketak: , , , , ,

Raul Perez | 2010-05-24

Basso, amorruak bultzatuta

17 iruzkin

fulonbasso_6001Lau urte dira jada Ivan Bassok erakustaldi apartak eskaini zituela Giroan: Passo Lancianon, Passo Furcian, Mortirolon… Joan den urtean itzuli zen Girora zigorra bete ostean, eta ondo ibili arren, ezin izan zien Menchovi edota Sastreri eutsi aldapa gogorrenetan. Pasa den igandean, ordea, Zoncolanen gora, denbora makinan sartu izan bagina bezala ikusi genuen askok etapa. 2006ra jauzi egin izan bagenu legez ostera ere. Basso ez da eraso bortitzak jotzen dituen horietakoa, baina erritmo gogorra jarrita gainerakoak uzteko gai zen eta gai da. Giroko mendaterik gogorrena ederki probestu du Liquigaseko igotzaileak. Amorruak bultzatuta egiten ari zela gora zirudien. Evansek eutsi zion, harik eta lau kilometroren faltan amore eman behar izan zuen arte. Ezin zuen gehiago. Bassok ito egin zuen.

Astearteko kronoigoeraren atarian, Basso jo daiteke orain itzulia irabazteko faboritotzat, Sastre (Cervelo), Evans (BMC), Vinokourov (Astana), Scarponi (Androni), Nibali taldekidea (Liquigas) eta Cunego (Lampre) atzetik baititu, eta oraindik gelditzen da aldaparik. Bassoren aurretik Arroyo (Caisse d’Epargne) eta Porte (Saxo Bank) baino ez daude, eta hasiera batean behintzat, ez dirudi Plan de Corones-Mortirolo-Gavia hirokote beldurgarrian Bassorekiko duten aldeari eutsi ahalko diotenik (hiru minutu eta erdi Arroyok eta minutu eskasa, Portek).

Plan de Coronesen gora bakarkako lana egin beharko dute ziklista guztiek, baina Zoncolanek horren antza izan zuen, igoeraren zatirik handienean, banan bana igo baitziren txirrindulari asko. Ikusteke dago nola errekuperatuko diren batzuk eta besteak. Basso izan daiteke faborito, baina erne. Lehen astean, Vinokourovek eta Evansek ziruditen indartsuenak; bigarren astea eta gero Liquigasek hartu du lasterketaren lema. Hirugarren astean, beste oilar batzuek egin nahi izango dute kikiriki.
Argazkia: www.cyclingnews.com

Atala: Italiako Giroa
Etiketak: , , , , ,

Hibai | 2010-01-25

2010eko taldeen analisia (III): Caisse d’Epargne, berebiziko bidegurutzean

Iruzkin bat

Talde aski ezaguna da Caisse d’Epargne, eta tropelean sustrairik zaharrenetakoak dauzkan egitura, 1980an profesionaletan estreinatu zen Reynolds taldearen oinordekoa baita. Eta oraindik orain, bere hastapenetako filosofia eta izan berdinak dauzka: itzuli handietan erreferentzia izatea.

valverde

Horixe berretsi baino ez du egiten euren buru eta izar handia den Alejandro Valverde hiru asteko gizon izatera bultzatzeak. Iazkoan azkenik Espainiako Itzulian gailentzea lortu zuela, aurten Paris-en podiuma zapaltzeko asmo betean da. Zale asko eta asko dira murtziarrarentzat helburu zailegia dela pentsatzen dutenak (ni neu euren artean), baina egia da bestalde palmaresa ederki loditurik duela, huts egiteak horrenbeste kalterik egingo ez liokeela.

Alabaina, bere aurreneko koxka, gogorrena akaso, ez du Rotterdam-eko atariarekin izango espainiarrak, ez eta aurreko lasterketekin egin beharreko prestakuntzan, oraindik Puerto Operazioarekin izan zuen ustezko loturak justiziaren aurrera deklaratzera eraman duen auziagatik baizik. Eta epaiaren zain, espainiarraz gain, talde osoa egongo da, zalantzarik gabe. Horri gainera multzoaren etorkizuna kolokan egotea gehitu behar zaio, orain egun gutxi jakin baitzen ofizialki euren babesle nagusiak ez duela eurekin jarraituko.

FRANCIA CICLISMO

Ez da justua taldea Valverde-rekin hasteaz batera bukatu egiten dela esatea, nazioarteko multzorik sendoenetakoa baita Caisse d’Epargne, baina zutabe aldaezina da euren liderra, zalantza izpirik gabe, eta bere inguruan altxatzen da gainerako egitura; euren mesedetan jardun ahal izateaz gain espainiarraren alde lan egin ohi duten txirrindulariz josia dago talde nafarra. Salbuespenetako bat, beren bigarren erreferentzia den Luis León Sánchez da. Eta kasu honetan ere, bere indarrak eta lasterketan azaldutako jokaerak besterik iradoki balezakete ere (berriki lehiatutako Down Under-eko Tourrean erdietsitako etapa garaipena horren lekuko), hiru astetako gizon bilakatzeko asmotan dira Eusebio Unzue eta konpainia. Txirrindulari ausart bezain ikusgarria; ikusteke da oraindik sabaia non ote duen.

Taldeko hirugarren murtziarra ere beste eginkizun batzuentzako zuzendurik dago, taldeko gizon azkar ia bakarra baita José Joaquín Rojas. Dena den, bere abiadurak munduko onenen artera eramaten ez duela jakinda, beste ezaugarri batzuk biltzen ditu berak, ibilbide zailagoetan aukera gehiago aurkitu ohi duelarik. Hala ere, bere iparraldeko lasterketetarako zaletasunari so eginda, talderik egokienean ez dela pentsatzea ez da okerregia.

cobo

Eta ia horrarte ailegatzen da Caisse d’Epargne-k bete lezakeen espektroa. Taldeak askoz gehiago dauka, baina itzulietan maila ematen duen profila betetzen duena ia bere osotasunean. Batzuk talde buru izateko aukeraren batekin, beste batzuek ia bat bera ere ez. Hurrengo mailan, progresioagatik baino ez bada ere, Rigoberto Uran kolonbiar gazte dohatsua aurki genezake, oraindik nazioarteko erreferentzia izan gabe, izar handia izateko ezaugarriak izan badituena. Mauricio Soler herkidea ere Giroan gizon garrantzitsu izateko fitxatuko zuten seguru asko, eta berarekin batera, ondo bidean Juanjo Cobo-k ere, bere talentuari erreparatuz gero behintzat, behar luke leku batean edo bestean lider izateko aukerarik. Italian beste buru bat David Arroyo izango dela pentsa liteke, azkeneko urteotako ohiturari jarraiki, nahiz eta gerora bestelako eginkizunak ezarriko dizkioten.

marzio

Akaso Rubén Plaza izan liteke aste bakarreko lasterketaren bat lehiatzeko moduan, baina oro har gainontzeko taldeak Valverdek Frantziako Tourreko podiumerako jauzia eman nahi horretan osatutako multzoa dirudi. Egin kontu: Marzio Bruseghin (honek ere Giroan behar luke) eta Christophe Moreau zakur zaharrak fitxatu berritan, Vasil Kiryienka Bielorrusiako mando nekaezina euren artean, eta baita alor pertsonalean protagonismoa galduz dihoan José Iván Gutiérrez erlojuz kontrakoaren espezialista ere, besteak beste. Eta horiekin batera, bakoitza bere eginkizunekin, talde nafarrean diren lau euskal herritarrak: Txente Garcia hilezkorra, bere ondorengoa dirudien Imanol Erviti, Xabier Zandio talde-lagun aparta, eta David Lopez eskalatzaile fina.

Aurrez aipatutako batzuk (Uran eta Rojas kasu) ere oraindik gazteak badira ere, alor honetan zailtze bidean diren beste gizon batzuk ere aipatu behar dira. Hauen artean, Rui Costa portugaldarra da esanguratsuena, iazkoan ezertan bereziki nabarmendu gabe eremu guztietan ongi molda daitekeela erakutsi zuena. Gizon indartsua izateaz gain, erlojuaren aurkakoan sendoa, mendian gora ez da gaizki moldatzen, hortaz aurten derrigorrean jarraitu beharreko gizonetako bat dugu. Costa Ricako Andrey Amador-ek ere hasiera batean antzeko txirrindularia dirudi, nahiz eta bere garapenak motelagoa dirudien, Ángel Madrazo espainiarrarekin gertatzen den bezalaxe.

Esan bezala, tropeleko talderik indartsuenetakoa da Caisse d’Epargne, bai banan-banan zein talde gisa hartuta. Alabaina, Martxoa aldera jakingo den epaiak esango du taldeak bide beretik jarraituko duen, multzo handi xamarra Valverde-ren eginkizunetara kateaturik dela, edo guzti horiek beren aukerak jorratzeko modurik izango duten. Bigarren kasu honetan, epaiak Valverde errudun joko balu alegia, Joaquim Rodriguez eta Dani Moreno jada taldean ez izatea, Oscar Pereiro-z gain, antzemango lukete seguru asko, kataluniarraren kasuan batik-bat. Badaezpada, iazko Espainiako Itzuliko garailea denboraldi hasieran ohikoa baino gehiago lehiatuko dela dirudi. Hortik aurrerakoak, ikusi behar. Edozein kasutan ere, Unzue-renek ez dute lo hartzerik, ez inongo gertakariren zain egoterik, egiturak bere horretan jarraituko badu.

Galdera ikur ugari beraz aurtengoan taldearen inguruan. Erantzunak, datozen hilabeteotan.

Atala: txirrindularitza
Etiketak: , , , , , , , , , , , , , , ,

Egoitz | 2009-05-19

Killerraren kontsolidazioa

9 iruzkin

Di Luca. 10. etapan garaipenaGaur jokatu da Giroko etaparik luzeena, 262 kilometrotako ibilbidea hain juxtu. Cuneo eta Pinerolo arteko ibilbide luzean Moncenisio, Sestrière eta Prá Martino portuak pasa behar zituzten. Ikusmina sortu du atseden osteko etapak eta sailkapen nagusian aldaketak eragin ditu espero bezala.

Goizean goiz ekin diote ibilbideari, goizeko 10:00tan hain zuzen ere. Lehen momentutik ihesaldi saiakerak izan dira, baina lehen mugimendu serioa Garzellik egin du Moncenisio gainaren igoeran. Soler atzetik joan zaio baina Garzellik tartea atera dio kolonbiarrari. Solerrek 2′ 15”ko errenta izateraino iritsi da tropelarekiko harrapatua izan aurretik. Garzellik, aldiz, ibilbide luzeagoa egin du eta 6′28”ko errenta izatera ere iritsi da.

Sestrièreko igoeraren aurretik saiakera gehiago izan dir. Lehenak Visconti eta Grivko izan dira eta beranduago Cardenas, Cioni, Serpa eta Wegelius. Bi taldetxo hauek tropelaren aurretik izan dira baina ez dira gai izan Garzellirekin bat egiteko Visconti eta Grivko izan ezik. Uneoro Garzelli lasterketa buru izan da eta hala izan da etapako 100 kilometrotan zehar, 236. kilometroan Visconti eta Grivkok berarekin bat egin duten arte.

Tropelak, ordea, ez zuen inolako ezusterik nahi eta ihesaldiak kontrolpean izan ditu. Azkeneko kilometroetan erritmoa bizitu dute batez ere LPR eta Liquigas taldeek beraien taldeburuen hobe beharrez. Egindako lanaren lehen etekina Pramartinora bidean jaso dute Cardenas, Cioni, Serpa eta Wegeliusek osatutako ihesaldia irenstean.

Pramartinoren igoeran tropelak dagoeneko Garzelli, Visconti eta Grivkok osatutako tropeltxoa gertu zuen. Grivkok ezin izan dio ihesaldiari eutsi eta Liquigasek zuzentzen zuen tropelak berarekin bat egin du. Beranduago berdin gertatu zaie Garzelli eta Viscontik. Igoeran, Pelizzotti izan da lasterketa puskatu duena. Berari segika Sastre, Arroyo eta Menchovi izan dira, baina beherakoan faboritoek bat egin dute.

Helmugarako 2,5 kilometroren faltan, ordea, Killerrak bere erakustaldia eman du parean zuen maldatxoaz baliatuz. Badaki erlojupekoan denbora galduko duela eta denbora tarte guztiak beharrezko izango zaizkiola lasterketa maillot arrosarekin amaitzeko. Zituen indar guztiak bildu eta etapa garaipena lortu du. Pelizzotti, Sastre eta Menchov 10 segundora sartu dira eta 26ra Arroyo. Gain sari eta denbora tarteei esker, Di Lukak orain bigarren den Menchovi 1′20”ko tartea ateratzen dio eta 1′33”koa Rogersi.

Bukaera zoragarria, beraz, Killerrak eman diona gaurko etapari. Ezin ahaztu, ordea, Garzellik egin duen ihesaldi luzea. Zalantzarik gabe ikaragarria.

Atala: Italiako Giroa
Etiketak: , , , , , , , , , , , , ,

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali