Menu nagusia

‘Columbia’ etiketa duten berriak

Egoitz | 2009-09-03

Greipelen bigarrena esprintean

Ez dago iruzkinik

Greipel. 2009ko Vueltako 5. etapa garaileAurreratu bezala, gaur Vinarosen amaitu den etapa ere esprintean amaitu da. Bigarrengo aldiz, eta oraingo honetan esprinter nagusiak etapa garaipenaren esprintean sartuta, Greipelek bere Vueltako bigarren garaipena lortu du jarraian Boonen eta Bennatiren aurretik. Honenbestez, bi garaipenek emandako gain sariei esker, Vueltako lider jarri da Columbia-HTCko txirrindularia. Taldearentzat, berriz, hirugarren garaipena.

Gaurko etapak esperotako gidoia jarraitu du. Beno, esperotakoa baino motelagoa. Izan ere antolatzaileen aurre ikuspenik motelenak ere azkar geratu dira gaurko etapan, eta Greipelek helmuga zeharkatu duenean 18:00ak gertu ziren. Beharbada jasan behar izan duten beroak bere eragina utzi du tropelean.

Lehen kilometroetan eguneko ihesaldia sortu da. Tropeltxoan Aitor Hernandez txirrindulariaz gain Lopez Gil, El Fares, Sanchez Pimienta, Pronk eta Martinez bildu dira. Hauek azken 20 kilometroetara iritsi arte ihesaldian jarraitu dute, baina une oro tropelak kontrolpean izan du aurreko tropeltxoa. Hori bai, Aitor Hernandez ermuarrak etekina atera dio ihesaldiari eta Boom-i mendiko maillota kendu dio lortutako puntuei esker. Gai izango al da maillot horri eusteko? Beharbada igandera arte bai, baina hortik aurrera…

Vinarosera iritsi aurretik, antolatzaileek helmugatik 8 kilometrotara gaintxo bat zuten prestatua. Bigarren mailako bide batetik joan dira Ermitako gaina igotzeko eta hor De la Fuentek lehenik eta gero Gilbertek erasoa jo dute. Espainiarraren saiakera ez da behar besteko gogorra izan, baina bai belgikarrarena.

Silence-Lottoko txirrindularia tropelari tartea 20 segundoko tartea ateratzen zion 4 kilometroren faltan. Etapa garaipena eskuratzen bazuen lasterketako lider ere jarriko zen Greipelek egin duen bezala. Bazirudien ondo zihoala, baina atzetik tropelak ez du barkatu eta Gilbertek, ustu-ustu eginda, amore eman behar izan du. Esprinta jokatu behar zen.

Gaurkoan esprinter faborito guztiak aurrean ziren baina azken bihurgunean Ciolek erori egin da. Ez dirudi ezer larririk izan duenik baina etapa garaipenaren lehiatik kanpo geratu da. Azkenean, esan bezala, nagusitasunez lortu du garaipena Greipelek Boonen eta Bennatiren aurretik.

Aitor Hernandez bidoi eramailea

Ez dakit etapa ikusteko aukera izan duzuen, baina ikustekoa izan da. Tropelean ohiko “gregarioek” beren taldeetatik ur bidoiak hartzen aritu dira gainontzeko taldekideei emateko, esan bezala bero baitzen Tarragona aldean. Helmugarako 40 kilometro inguru falta zirela, eguneko ihesaldia aurretik zela, tropeltxoak minutu bateko errenta zuen. Euskaltel-Euskadiko zuzendariak ihesaldiaren amaiera iristen ari zela edo pentsatuko zuen (besterik ez zait bururatzen), eta Aitor Hernandezi banatu beharreko bidoi guztiak eman dizkie! Barkatu, baina nik ez dut oso ondo ulertu. Gizajoak gutxienez 8 bidoi izango zituen soinean. Delgado eta De Andresek arrazoi ezberdinak eman dituzte gertaera ulertzeko, baina bukaeran txiste eta guzti egiten aritu dira. Eta ez zen gutxirako! Mandoa baino kargatuago (zer, 2-3kgr soinean?) hor ari zen erreleboak ematen.

Noski, tropelak ez zuen nahi ihesaldia oraindik amaitzerik (ohikoa den bezala) eta ihesaldiak beste 20 kilometrotako bizia izan du. Ordurako Aitorrek zituen bidoi guztiak gainontzeko ihes-kideen artean banatu ditu. Seguru adiskide gehiago egin dituela keinu honekin. Ikustekoa, benetan.

Atala: Espainiako Vuelta
Etiketak: , , , , , , , , , , , , , ,

Egoitz | 2009-09-01

Erorketa ikusgarriak Greipeli garaipena erraztu dio

Iruzkin bat

Liège-Bastogne-Liège klasiko ezaguna izaten den parajeetan ibili da gaur tropela, baina ez da espero zen ikuskizuna izan. Eguraldiak protagonismo handia hartu du eta ikuskizuna bestelakoa izan da. Helmugarako kilometro t’erdira izan den eroriko itzelak eman du. Biribilgune bat igarotzen ari zirela, tropelaren aurre aldean zihoanetako txirrindulari bat erori egin da eta atzetik zituen guztiak lurrera bidali ditu. Aurrekoak, Greipel tartean, ez du zailtasun gehiegirik izan Weylandti esprintean irabazteko.

TVEk gaurko etapatik espero zuena ez du jaso. Guk ere ez, noski. Hauen ustetan gaurko etapan ikuskizuna bermatua zegoen eta horren erakusgarri eguerdiko 13:30etatik Teledeporteko seinaletik etaparen jarraipena egiten hasi dira. Zorionez lana nuen eta ez naiz jarri arratsaldeko 16:30ak arte lasterketa ikusten, eta eskerrak! Klasikorik onenen pareko etapa espero zen, baina esprintean amaitu den horietako bat izan da, atzokoaren antzekoa euriagatik izan ez balitz.

Boom eta Roels (gaur ere bai), Ramirez Abeja eta Lagutinek osatu dute gaurko ihesaldia. Boomek helburu garbia zuen, hiru mendateetatik lehen postuan igaro eta mendiko maillota eskuratzea eta bere helburua lortu du. Tropelak, une oro, lasterketa kontrolpean. Hori bai, euria ari zuen eta arriskua aurre ikusten zen.

Liègeko helmugatik lehen aldiz bezain laster ihesaldian ziren kide guztiak harrapatu dituzte eta esprintean pentsatzen hasiak ziren txirrindulariak. Hala ere Kirchen edo Gasparotto bezalako txirrindulariak saiatu dira lasterketa puskatzen, baina ez dute posible izan.

Esan bezala gaurko etapa erabaki duen unea helmugatik kilometro t’erdira izan den erorikoak markatu du. Ikaragarria izan da erorikoa eta 50 txirrindulari inguru lurrean ziren beren zauriei begira. Aurre aldean, Columbia-HTCko eta Quick Stepeko hiruna txirrindularik helmugara bidea hartu dute, eta erraztasun handiz, Greipelek garaipena lortu du. Atzetik Weylandt eta Grabsch taldekidea izan ditu. Honenbestez, eta nahiz eta Cavendish ez den Vuelta lehiatzen ari, bigarren garaipena lortu du Columbia-HTCek eta biak esprintean.

3 kilometro barruan izan da eroriko ikusgarria eta horregatik Cancellarak lidergoari eusten jarraitzen du. Hala ere ezin esan zorteko dabilenik, erorikoan min hartu duela ikusi baitugu. Biharkoa atseden eguna dela kontutan izanda, zauritutako txirrindulariek beren egoera aztertuko dute eta etzi Tarragonako irteeran izaten saiatuko dira, baina ez harritu norbait erretiratzen bada min hartuta. Hori da adibidez Horner-en kasua. Dagoeneko taldeak jakitera eman du Horner-ek Vuelta utziko duela erorikoan eskumuturra autsi baitu.

Atala: Espainiako Vuelta
Etiketak: , , , , , , , , , , ,

Egoitz | 2009-07-15

Cavendish geldi ezina

Ez dago iruzkinik

Cavendish. 11. etapan garaipena1, 2, 3 eta gaurkoarekin 4. garaipena lortu du Cavendish esprinterrak aurtengo Tourrean. Bazirudien azken metroetako aldapatxoak bere ohiko abiadurarentzat oztopo izango zela eta Hushovd edo Freire bezalako txirrindulariei mesede egingo ziela, baina ez da hala izan. Honenbestez 4. etapa garaipena eta iazko marka berdintzea lortu du Tourraren ekuadorrera aurkitzen garen honetan.

Gaurko etapak ez du bere bizikorik eskaini. Espero bezala ihesalditxo bat osatu da, baina bikotea izaki, garaipenetik urrun geratzera kondenatuak zeuden. VanSummeren eta Sapak osatutako tandemak etapa hasieratik egin du aurrera. Tropelarekiko tarterik handiena Côte de Perreusen izan dute eta 4′35”ekoa izan da. Beraz, esan daiteke tropela kezka handirik gabe eta lan handirik egin beharrik gabe aritu dela gaurkoan ihesaldia kontrolpean izateko. Azken 6 kilometroetara iristean, ihesaldiak esprinterrei utzi die lekua. Columbia-HTCko kideek ohi bezala lagunduta, Cavendishek aldapatxoari ere aurre egin ahal izan dio garaipenaren bidean. Atzetik Farrar, Hutarovich, Freire eta Hushovd izan ditu. Gaurko garaipenarekin bai, eta ez atzo nahastu nintzen bezala (eskerrik asko zuzenketarengatik), Cavendishek maillot berdea berreskuratu du.

Maillot zuri-gorria

Zerbait gehiago kontatzeko gaurko etaparen inguruan, mendiko maillota eskuratzeko pankarta puntuagarrietan izan den lehia plazaratu nahiko nuke, Côte de Perreusen izan dena hain justu. Dakizuen bezala Egoi Martinez Euskaltel-Euskaldiko txirrindularia Pirinioetako ihesaldiari esker maillot zuri-gorriaren jabe da eta badirudi Pariseraino eramateko jokabidearekin dela talde laranja. Aipatutako mendate puntuagarri honetan, 3. postua zegoen jokoan eta Egoi Martinez, Pellizoti eta Moncoutiek esprinta jokatu dute puntu bat jasotze aldera. Azkenean italiarra gailendu da esprint horretan. Ez dakit puntu batek zenbateraino merezi duen jokatzea, baina argi dagoena da Egoi Martinezek eta bere taldeak lan latz egin beharko dutela Pariseko etapan mendiko maillotarekin izatea nahi badute, batez ere Pelizzotti bezalako batek maillot horren interesa era honetan ager arazi badu.

Atala: Frantziako Tourra, txirrindularitza
Etiketak: , , , , , , , , , ,

Egoitz | 2009-07-14

Irratirik gabe ere Cavendish nagusi. Sorpresarik ez, beraz

3 iruzkin

Cavendish. 10. etapan garaipenaASOk aurtengo Tourrean esperimentua egin nahi zuen eta txirrindulari profesionalak irrati bidezko komunikazioak galarazita lehiatzera behartuta zeuden. Zenbait txirrindulariren protesta artean, gaurko etapa aurre ikusitako gidoiari jarraiki jokatu da nahiz eta irratirik gabe izan.

Garbi zegoen esperimentatzen hasita ezin zela Pirinioetako edo Alpeetako etapa erabakigarriren bat aukeratu eta aurtengo edizioko lehena gaurkoa izan da. Aurrez esan genizuen bezala, hurrengoa ostiralean jokatuko dena izango da, eta han bai, beharbada, zer esan gehiago emango du irratiak. Gaurkoan ez bahintzat, eta ederki ezagutzen genuen gidoia beta da azken une arte garbi ez bazegoen ere.

Etapa hasieratik Vaugrenard, Dumoulin, Hupond eta Ignatiev-ek eguneko ihesaldia osatu dute. Tropela, aldiz, lasai zen eta momentu oro ihesaldia kontrolpean izan dute Voeckler-en eman zuen ezustekoaren oroitzapena gogoan. Ez da zalapartarik izan tropelean eta egia esan tentsio unerik ere ez. Atseden eguna atzokoa bazen ere, gaurkoa jarraipena izan dela esan daiteke. Antolatzaileen aurre ikusten zuten denborarik luzeenean ibili da tropela gaurko lasaitasunaren erakusgarri.

Azken kilometroetan zirela minutu t’erdiko aldea zuten iheslariek. Atzean esprinterren taldeak antolatu dira tropelari abiadura emateko eta orduan laukoteak ere erritmoa bizitu du. Bazirudien ezustekoa emateko moduan izango zela laukotea, baina ez da hala izan. 2 kilometro eskasen faltan iheslariak tropelak irentsi ditu eta Martin, Hincapie eta Columbia-HTC taldeko txirrindulariek ederki bideratu diote esprinta Cavendishi. Honek, ohikoa duen bezala, ez du hutsik egin eta aurtengo edizioko hirugarrena poltsikoratu du. Hushovd eta Farrar izan dira ingelesari gehien hurbildu zaizkien esprinterrak. Garaipen honi esker, beraz, Cavendishek maillot berdea berreskuratzetik 6ra geratu da.

Atala: Frantziako Tourra
Etiketak: , , , , , , , , , ,

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali