Menu nagusia

‘Cunego’ etiketa duten berriak

Egoitz | 2010-06-29

Tourreko multzoen azterketa: espezialistak eta igotzaileak (III)

3 iruzkin

Multzo honetan 8 txirrindulariren artean 2 aukeratu behar dira. Txirrindulari hauen artean beteranoak eta gazteak aurkitzen dira, baina maila altuko txirrindularik guztiak ere.

GesinkGazteenen artean Gesink, Kreuziger eta Tony Martin aurkitzen dira. Martin erlojuaren aurkako txirrindulari bikaina da. Dakizuen bezala, Suitzako azken etapan Cancellarari gailendu zitzaion, beraz, Tourrean maila bera mantentzen badu Cancellarak eduki ohi duen nagusitasunarekin amai dezake.

KreuzigerGeskink eta Kreuziger, Martin ez bezala, gazteen maillotaren lehian arituko direla iruditzen zait. Kreuziger Liquigaseko liderretako bat izango da Bassorekin batera eta Gesink Rabobankekoa Menchovekin batera. Bi hauen artean Kreuziger erlojuaren aurka askoz hobeto moldatzen da, baina mendian Gesink gehiago da. Bi txirrindulari hauek aurtengo Tourrean protagonismoa izango dutela iruditzen zait.

CancellaraAdinean aurrera eginda, Cancellara aipatu beharko genuke. Suitzako txirrindularia motorraren inguruko polemika albo batera uzten saiatuko da. Badirudi hala ere UCI ez dagoela guztiz lasai zurrumurru guzti horiekin eta eskanerrak erabiliko dituztela esan zuten. Cancellararen helburuak erlojupekoak eta behar bada harbideetako etapa izango dira. Ikusi beharko da gainontzeko txirrindulariek utziko dioten.

Cunego Lampreko talde buru gisa izango da Tourrean. Txirrindulari ona den arren, aspaldian ez dugu sasoi betean ikusi eta Tourrean ere antzera ibiliko dela iruditzen zait. Bere helburu nagusia etapa garaipena izango dela iruditzen zait sailkapen nagusia alde batera utzita.

RogersAdinean aurrera joanda, Rogers eta Vande Velde aurkitzen ditugu. Rogers HTC-Columbiako talde buru gisa arituko da. Aurten Kalifornia eta Andaluziako itzuliak irabazita dator baina pentsa daiteke bere gorputzaldirik onena izan zuela, baina ez naiz ziur zer nola iritsiko den. Beharbada sorpresetako bat izan daiteke.

Vande Velde Garmineko talde buru izango da. Dagoeneko 34 urte ditu eta azken urteetan espero baino maila apalagoan dabil. Ez zait iruditzen aurtengoan hobeto arituko denik.

VinokourovAmaitzeko Vinokourov geratzen zait, multzoko beteranoa. 37 urteko txirrindularia Giro bikaina egin ondoren Tourrean Contadorri laguntzen arituko da. Hala ere ez jakin kazakhstandarrak zer egingo duen. Asteko prologoan lehen postuetan arituko dela iruditzen zait.

Hau guztia esanda, nire apustua gazteen aldekoa izango da: Gesink eta Kreuziger. Cancellara ez hartzea arriskutsua izan daiteke kinielari dagokionez prologoa irabazteko hautagai nagusienetako bat baita eta lider jartzen bada puntuak bildu baititzake lehen egunetan. Hala ere gogora ekarri nahiko nuke Holandan jokatuko direla lehen etapak, beraz, aurtengo Giroak gertatu bezala, lider aldaketak izan daitezkeela uste dut. Horregatik aurtengoan Cancellara ez hartzea arrisku gutxiago hartze denaren ustea dut. Esan bezala, nire apustua gazteen alde.

Atala: Frantziako Tourra, lehiaketa, txirrindularitza
Etiketak: , , , , , , , , ,

Raul Perez | 2010-05-04

Simoniren azken atzaparkadaren zain

20 iruzkin

giro08pre-pampeago1Giroko ziklistarik zaharrenetakoa izango da ‘Gibo’ handia, zaharrena ez bada, 39 urteko beteko baititu abuztuan. Antza, proba eta gero hartuko du erretiroa. Italiako lasterketa nagusian balentria handiak egin ditu igotzaile gartsuak. 1999an zapaldu zuen lehen aldiz podiuma; hirugarren bukatu zuen, Gotti eta Savoldelliren atzetik. Pantani Girotik kanporatu zuten urtea izan zen hura. ‘Il Pirata’ ordurako errepidean ez bazen ere, etapa gogoangarria egin zuten Gottik, Herasek eta Simonik Apricara bidean, Gavia eta Mortirolo igota lasterketa bukatu bezperan. 2000. urtean ere hirugarren, Garzelli eta Casagranderen ondoan podiumean. Eta 2001ean, jaun eta jabe izan zen; maglia arrosa etxeratu zuen, erakustaldia emanda gainera. Urtebete geroago Girotik kanpo utzi zuten, positibo emateagatik.

2003an Girora itzuli eta berriro ere garaile. Ondorengo urteetan behin baino gehiagotan gertu izan du podiumeko koskarik gorena, baina…2004an bera zen Lampreko taldeburua, baina hara non Damiango Cunego taldekide gazteak aurrea hartu zion. Mokoka bukatu zuten bi txirrindulariek, baina gauzak zer diren! Lampren bertan ariko dira biak hastear den Giroan. Ondo bidean, Simonik Cunegoren mesedetan egingo du lan.

Giroan bikain, baina Italiatik kanpora halamoduz. Tourrean eta Espainiako Vueltan etapa bana irabazi ditu, baina tifosiek gehiago espero zuten. 2003an, bigarren Giroa irabazi ostean, Armstrong estu hartzeko hautagaietako bat zen Tourra hasi aurretik, baina Frantzian batean bale eta bestean kale. Ezin erregulartasunari eutsi.
Simonik, orain arte, azken atzaparkada 2007ko Giroan eman zuen, Monte Zoncolan tentean. Ziur bere zalei aldapa gora borrokatzen esan nahiko diela agur. Hori egiten baitu ondoen, borrokatu alegia.

Eta gero zer? Hori berak jakingo du. Bizikleta mekanikari hasteko eskarmentua badu. Izan ere, 1998an, txirrindularitzak gogaituta edo, urtebetez pedalei eragiteari utzi eta bizikletak konpontzen jardun zuen. Eskerrak ez zuen horretan jarraitu!

Argazkia:  http://www.cyclingnews.com

Atala: Italiako Giroa
Etiketak: , , , , , ,

Raul Perez | 2010-04-19

Gilbert garaile, Holandako errusiar mendian

8 iruzkin

Gilbert Caubergen

Cancellara eta Gilbert klasiko handietan nabarmentzen diren txirrindularietako bi dira. Lehenak, suitzarrak, nahierara irabazi zuen Flandesen eta Roubaixen. Besteak, Omega Pharma-Lotto taldeko Philippe Gilbertek, erakustaldia eman zuen Amstel Gold Raceren azken aldapan, Caubergen. Eraso kolpe bortitza jo eta azken igoerara iritsi ziren 20 bat txirrindulari –tartean zen Haimar Zubeldia- jota utzi zituen, hari ezin jarraitu.

Finean, errusiar mendiaren modukoa da Herbeheretako klasiko handia. Gora eta behera. Etengabe. Batez ere Lampre, Rabobank eta Saxo Bank taldeen lanak ihesaldi saio guztiak bertan behera utzi zituen, eta helmugara iristeko 20 bat kilometro falta zirela, oilarren erakustaldia hasi zen. Andy Schleckek indartsu dabilela erakutsi zuen eta Fleche-Wallone eta Lieja-Bastogne-Liejan gertutik jarraitu beharreko txirrindularia izango da ziurrenik. Cunegok ere burua erakutsi zuen. Baita Cadel Evans munduko txapeldunak ere. Kolobnev eta Ivanov errusiarrek ere horrelako lasterketetan hankamotza ez dela utzi zuen agerian. Orain bata, orain bestea. Azken muinoan, Caubergen, eta zangoetan 256 kilometro zituela jo zuen aurrera Gilbertek, eta lehen postuan helmugaratu zen. Ryder Hesjedal (Garmin) sailkatu zen bigarren, eta Gasparotto (Astana) italiarra hirugarren. Ardenetako bataila hasi besterik ez da egin. Ezin aipatu gabe utzi errauts lainoak irteeran egoteak galarazi, edo behintzat zaildu ziela txirrindulari batzuei, Alejandro Valverde eta Luis Leon Sanchez, kasu. Huy eta La Redouteko aldapek ikuskizun ederra emango digute igandera bitartean, ziur.

Argazkia: www.isphoto.com

Atala: klasikoak
Etiketak: , , , , , ,

Egoitz | 2010-03-26

2010eko Euskal Herriko Itzulia aurkeztu da

48 iruzkin

2010eko Euskal Herriko Itzulia

Gaur aurkeztu dute ofizialki 2010eko Euskal Herriko Itzulia. Euskal Telebistan, aurkezpenaren ondoren, Fermin Aramendik Jaime Ugarte lasterketaren presidentea zuzenean elkarrizketatu du ETB2an.

Egunotan Contador izango ez denaren eta ibilbidearen inguruan eztabaida sortu da gure webgunean. Ugarteri egindako elkarrizketan justu gai horiek aipatu dira eta beraien postura argi azaldu du. Bere esanetan Contador ez izatea errespetagarria da eta onartzen du bere helburu nagusia Tourra izaki egutegia horren arabera moldatu izana. Horrek txirrindulari gehiagori aukerak irekitzen dizkiela aitortu, baina Contador ez izateak ez duela lasterketaren maila jaisten. Tropela.net-en aipatutako zenbait izen propio aipatu ditu horren adierazgarri gisa:  Samuel Sanchez,  Valverde, Cunego, Schleck anaiak, Freire (Milan-San Remo berriki irabazita),… eta Cobo. Cobo aipatzearen arrazoia behin Itzulia irabazi zuela izan da. Presidenteak, ordea, akats txiki bat izan du izan ere berak 2006an irabazi zuela esan baitu. Ez zen 2006an izan, ordea, 2007an baizik.

Lapsusak lapsus, erlojupekoak lasterketan duen gehiegizko pisuaz galdetu dio Aramendik. Ugartek aitortu du prologo bat jartzea eskatu izan dietela, baina hori ez egitearen arrazoitzat azken eguna iritsi arte lehiaketa ez erabakita izatea eguneroko lehia sustatzen duela esan du. Gainera horrek azken eguna iritsi arte, lasterketaren azken helmugatik pasa arte irabazlea zein izango den ez dela jakingo esan du eta horrek interesgarriagoa egiten omen du lasterketa.

Azkenik nork irabaztea nahiko lukeen galdetu zaionean, Ugartek “etxeko” batek irabaztea nahiko lukeela aitortu du.

Urrezko ezteiak betetzen ditu Euskal Herriko Itzuliak aurtengoan eta hori dela eta, Linares txirrindulari ohia, lau aldiz lasterketa irabazi duen txirrindulari bakarra omenduko da.

Garbi dago antolatzaileek beraien iritzia garbi adierazi dutela eta askoren iritziarekin talka egiten duela. Ados izan ala ez, hori norberaren eskuetan geratzen da.

Atala: Euskal Herriko Itzulia, txirrindularitza
Etiketak: , , , , , , , , , ,

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali