Menu nagusia

‘dopin’ etiketa duten berriak

Egoitz | 2010-05-16

Astarlozaren 2 urteko zigorra ofizial egin da

4 iruzkin

2009ko TourMikel Astarlozaren prentsa oharra zigorraren berri jakin eta gerora bukatu ostean jakin zen Mikel Astarlozaren positiboaren berri. Guztiok ezustean harrapatu gintuen eta berria jakin bezain laster, Mikelek prentsaurreko bat eman zuen Amara Hotelean. Gu bertan izan ginen, eta galderarik ez erantzuteko erabakia hartuta, irmo eutsi nahi izan zion bere errugabetasunari.

Helegitea jarri eta bigarren laginaren kontra analisia eskatu zuen, baina honek ere baieztatu egin zuen EPOa hartu izana. Lagin haiek 2009ko ekainaren 26an hartutakoak dira, Tourra hasi aurrekoak. B laginak EPOa hartu zuela konfirmatuta, zigorra jaso artean zain izan da Mikel Astarloza bai bere errugabetasuna behin eta berriz adieraziz, baita inguruko eta Euskaltel-Euskadiren babesa jasoaz.

Atzo jakitera eman zen ofizialki Espainiako Federazioak 2 urteko suspentsioa bete beharko duela. Ondorioz 2011ko ekainaren 26a arte ezin izango du lehiatu. Mikelek adierazpen publiko baten bidez berriro ere bere errugabetasuna aldarrikatu du eta helegitea jarriko duela lehen baileen lehiaketara itzultzeko asmotan. Zail ikusten da, ordea, behin zigorra jarri eta gero kentzeko aukera.

Oraingoz guk dakigula iaz irabazitako Tourreko etapa ez diote kendu. Hala ere denbora kontua izango da garaipen hori bere palmaresetik kentzeko, izan ere zigorraren barruan lortutako garaipena baita.

Atala: dopin auziak, euskal txirrindulariak, txirrindularitza
Etiketak: , , ,

Egoitz | 2009-12-12

Puerto Operazioa amaitu da

Ez dago iruzkinik

Puerto OperazioaAsko hitz egin dugu “Puerto Operazioa”z eta badirudi kasu hau bere amaierara iritsi dela. Zigortu ahal zirenak zigortuak izan dira eta ez dago gehiago ezer aztertzekorik Espainiako epaitegien arabera.

Izugarrizko eskandalua izan zen Puerto Operazioa argitara eman zenean, batez ere txirrindularitzan. Ulrich, Basso, Osa anaiak, Beloki,… eta beste txirrindulari batzuk nahastuak izan ziren Eufemianoren dopin sistemaren inguruan. Dakizuen bezala operazio hartan antzemandako odol poltsa eta bestelako sustantziak Espainiako epaileen eskutan geratu ziren. UCIk eta WADA (Munduko Dopinaren Aurkako Agentzia) beste zenbait erakunderen artean, froga horiek eskatuz helegiteak jarri zituzten. Espainiako auzitegiak apirilaren 15ean lehen aldiz eta atzo behin betikoz, froga horiek beste inoren eskuetan ez uztea erabaki du. Era honetan esan daiteke “Puerto Operazioa”n antzemandako frogek ez dutela gehiagorako emango.

Ez genuen gehiago espero 200 kirolari baino gehiago nahastuak izan zitezkeen affair honen inguruan. Eta gero zenbait harritu egingo da 2016ko olinpiar jokoak Madrilen beharrean Rion jokatzea erabaki zuelako Nazioarteko Komite Olinpikoak.

Atala: dopin auziak, txirrindularitza
Etiketak: ,

Egoitz | 2009-12-01

“Dopinaren aurka egitea gure lema da”

3 iruzkin

Igor Gonzalez de GaldeanoIgor Gonzalez de Galdeanok Euskaltel-Euskadiko manager gisa egindako baieztapena jarri dizuet izenburuan. Egunotan talde laranja Derion da kontzentratuta eta aurkezpenean urtarrilaren 1etik aurrera dopinaren aurka abian jarriko duten barne kontrol berritua aipatu zuten.

Aurtengo udaran Iñigo Landaluzek eta Mikel Astarlozak positibo eman zuten. Horren haritik, taldearen jarraipena bermatu asmoz, eta bide batez txirrindulariak lagundu, kontrol zorrotzago batzuk ezarriko dituztela esan dute arduradunek. Xehetasunik eman ez bazuten ere, kanpoko laborategi bat taldeko txirrindulariei azterketak egiteaz arduratuko omen da sorpresarik izan ez dadin. Ez dakit orain arte zein motatako barne azterketak egingo zituzten, baina honek, itxura batean bederen, aldaketa esanguratsu bat suposatuko duela dirudi.

Euskalteleko presidente den Jose Antonio Ardanzak bere aldetik babes osoa eskaini dio txirrindulari taldeari taldearen erabakietan gardentasuna eta leialtasun absolutuak izan baitira bere esanetan. Dakizuen bezala Eusko Jaurlaritza ez da iritzi berekoa eta segur aski hori izan da neurri hau hartzearen arrazoi nagusia.

Aurtengo urtean Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek 700 azterketa jasan bazituzten, 2010ean zenbat izango ote dira?

Atala: euskal txirrindulariak
Etiketak: , , , ,

Egoitz | 2009-10-31

Zerua zainetan dutela

21 iruzkin

Laborategiko odolaBagenekien dopinari muga jartzea zail izango zela. Azken ikerketa polizialen arabera, egungo dopin kontrol guztiak saihesteko balio duen teknikaren berri bat ezagutu dugu: ozonoa zainetan sartzea. Zeinek esperoko zuen dopin teknikarik hoberena zerua zainetan sartze izango zela.

Dirudienez guztia Rebellin-en positiboaren ikerketak eman du ezagutzera teknika berri hau. Dirudienez Molleta txirrindulariari, orduan Gerolsteiner taldeko taldekidea zenari, poliziek xiringa bat aurkitu zioten hortzetako pastaren edukiontzi batean. Honek Lazzaro medikuak emana zela argitu zien poliziei.

Ikertzaileek Lazzaro mediku italiar hau ikertzeari ekin zioten eta esan dutenez 15 urteko igerilari bat teknika honen bidez nola tratatzen zuen grabatuta dute. Bai igerilaria eta bere gurasoa ere ikerketa pean daude, izan ere grabaketa horretan gurasoak tratamendua aplikatu artean bertan baitzen.

Teknika berri hau “ozono terapia” bezala eman da ezagutzera. Medikuak kirolariari 200 zentimetro kubiko inguru odol ateratzen dio eta makina baten bidez ozonoaz nahasten du (O3). Behin ozonoaz nahastuta, berriro ere kirolariari txertatzen zaio. Prozesu honetan burdina ere txertatzen zaio kirolariari globulu gehiago sor ditzan, hots, gaitasun fisikoa handi dakiokeen.

Zalantzarik gabe osasuna arriskuan jartzen du teknika honek, besteak beste enbolia bat izateko arriskuak nabarmen handitzen baitira. Kontrolei dagokienez, berriz, egungo laborategi azterketen bidez ezin da antzeman hematokrito eta hemoglobina mailak konstante mantentzen baitira.

Garbi dago zer egin behar den zerura iristeko: zainetan zerua txertatu. Inork ez zaituzte antzemango eta errendimenduak estralurtar baten parekoa izango duzue. Hori bai, osasuna arriskuan jarriaz. Hurrengoa zer izango ote da.

Atala: txirrindularitza
Etiketak: , , , ,

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali