
Argazkia: Susi Goetze (www.cyclinginside.com)

Argazkia: Susi Goetze (www.cyclinginside.com)
Atala: Euskal Herriko Itzulia
Etiketak: Beñat Intxausti, Euskal Herriko Itzulia, Horner, podiuma, Valverde
Lehendabiziko etapan minutu eta erdi luzea galdu eta gero, gainerakoetan beste helburu batzuk lortzeko lanean ariko zela esan zuen Samuel Sanchezek. Etapa bat irabaztea zuen buruan Euskaltel Euskadiko asturiarrak, eta Arrateko gainean erdietsi du.

Espero zitekeen bezala, etapa azken aldapan erabaki da. Caisse D’Epargnek jarri du hasieran erritmoa eta Andy Schlecken eraso bortitzak hautsi du tropela. Luxenburgoko igotzaile finak aurrera egin du, eta oso txirrindulari gutxi izan dira gai haren pare jartzeko: Gesink (Rabobank), Horner (RadioShack), Peraud (Lotto), Valverde (Caisse D’Epargne) eta Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi). Chris Horner izan da erritmoa aldatzen hurrena, eta bidea egin du. Samuel Sanchezek, ordea, harrapatu du mendiko pankarta pean, eta pixka bat aurrerago bat egin dute bikote horrekin Valverdek eta Gesinkek. Azken metroak maldan behera zirela baliatuta, tartea ireki du Samuel Sanchezek eta etapa irabazi du. Valverde, Gesink eta Horner orpoz orpo iritsi dira. Sailkapen nagusirako Euskaltel Euskadiren apustu nagusiak, Beñat Intxaustik, nagusitu den taldekidearengatik minutu erdira iritsi da. Aurreneko erasoa jo duen Andy Schleck eta Cunego 40 segundora helmugaratu dira, eta Arraten irabazteko askoren ahotan zegoen Purito RodrÃguez, 49 segundora. Amets Txurrukak ihesaldian egin ditu kilometro asko eta saritxoa jaso du: mendiko maillota.
Azken bi etapetan, Orioko aldapek epaile lana egingo dute eta ezustekorik ezean, Valverdek, Hornerrek edo Gesinkek irabaziko dute aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Izan ere, segundo bakarraren bueltan daude hirurak sailkapen nagusian. Haietako batek huts egin lezake, baina hirurek, nekez.
Argazkia: Susi Goetze (www.cyclinginside.com)
Atala: Euskal Herriko Itzulia
Etiketak: Amets Txurruka, Arrate, Beñat Intxausti, Euskal Herriko Itzulia, Euskaltel-Euskadi, Gesink, Horner, Samuel Sanchez, Valverde
Zalantzarik gabe astelehenean Samuel Sanchezen errendimendu baxuak talde laranjaren plan guztiak hankaz gora jarri zituen. Gauza jakina da dagoeneko. Baina badirudi asturiarra sailkapen nagusitik kanpo geratu izanaren itxura txarra hobetzeko edozer egiteko prest direla Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, niri behintzat inpresio hori ematen dit.
Atzokoan Amets Txurruka Rogers eta Benitezekin sartu zen ihesaldian ezinezkoa izango zen etapa garaipenaren lehian. Gaurkoan bi txirrindulari sartu dituzte ia-ia garaipenaren lehian izan den ihesaldian, Alan Perez eta Egoi Martinez. Ihesaldian iritsiko baziren ere, ez zait iruditzen Albasini eta gainontzekoen artean etapa lehiatzeko moduan izango zirenik.
Garbi dago Euskaltel-Euskadiren estrategia: sailkapen nagusia galdu dugu (Beñat Intxausti podiumean sartzeko gai ez denaren ustea dutela dirudi) eta etapa garaipen bat behar dugu bai ala bai. Hori gertatzen da taldearen itxura pertsona bakar baten eskuetan utzi eta gauzak nahi bezala joaten ez direnean. Datozen etapak ikusita, ordea, talde laranjarentzat etapa garaipena oso garesti dagoela deritzot.
Gaurko etapari dagokionez, Alan Perez eta Egoi Martinezen lan bikainaz gain, Iban Mayozena ere txalotu nahiko nuke.
Atala: Euskal Herriko Itzulia
Etiketak: Alan Perez, Albasini, Egoi Martinez, Euskal Herriko Itzulia, Euskaltel-Euskadi, Iban Mayoz

Hauxe izan zen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapako irudia. Oscar Freire kantabriarrak helmuga lehen postuan eta besoak goian zituela pasa arren, epaileek bere esprinta ez zuten ontzat eman eta garaipena kendu zioten. Nire ustez, Freireren esprinta zuzena izan zen ala ez eztabaidagarria da eta ondorioz, epaileentzat erabaki errazena sailkapena zegoen bezala uztea zela deritzot. Baina ez. Epaileek garaipena bigarren sailkatuari, Alejandro Valverderi, eman zioten eta irabazlea, normalean egin ohi den bezala multzoaren azken postura (24. postura) atzeratu beharrean bigarren postua “oparitu” zioten. Nire ustez erabaki hori ulertezina eta interesatua da eta epaileek hanka sartu zutelakoan nago.
Freire irudian ikus dezakezue, gertatutako sinetsi ezinik. Badirudi gaur beste aukera bat izan dezakeela, bai etapa irabazteko eta baita lidergoa “berreskuratzeko” ere. (Horretarako utzi dute epaileek bigarren postuan ezta?)
Argazkia: Susi Goetze (www.cyclinginside.com)
Atala: Euskal Herriko Itzulia
Etiketak: Euskal Herriko Itzulia, Freire, Valverde
© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali
