Menu nagusia

‘Garzelli’ etiketa duten berriak

Raul Perez | 2010-05-27

Facebooken garaian, hartxintxar gainean

Ez dago iruzkinik

Vinokourov laneanAsteburuko betekadari ekin aurretik, gogoeta koxkor bat egin nahi dut. Batez ere teknologiaren alorrean berrikuntzak etengabeak dira garai honetan. Horren lekuko txirrindulari zaleak garenoi gure iritziak plazaratzen laguntzen digun Tropela.net webgunea. Estimatzekoa oso. Horretaz gain, nola ez, sare sozialak: Facebook, Twitter… Bada aurrerapen horien garaian, Giroak erakutsi digu zein ikusgarri izan daiteken Plan de Coronesekoa bezalako etapa bat. Txirrindulariak ahalegin betean, hartxintxar gainean! Coppi, Bartali eta sasoi hartako txirrindulari mitikoak bezala aritu ziren Basso, Evans, Garzelli eta gainerakoak. Ni txirrindularia ez naizen aldetik, bada ezin esan hori egokia den edo ez, eta beharbada ziklistaren bat ez da ados egongo nik azaldu nahi dudanarekin, baina nire uste apalean, oso ikusgarria izan zen kronoigoera.

Gainera, astearte izanda ere, jendetza zegoen ibilbidean. Imajinatzen zer izango zen hura igandearekin izan balitz? Ikaragarria, ziurrenik. Parajea harrigarria zen. Bide estua, hartxintxarra, sokak zaleek txirrindulariak jan ez zitzaten, eta teleferikoa! Une batzuetan txirrindulariek hari iskin egin beharko ziotela zirudien! Nire ustez, Giroko antolatzaileek agerian utzi dute, beste behin, maisuak direla ibilbidea antolatzeko orduan.

Egia da, era berean, asteartean euria egin izan balu ziurrenik ezin izango lukete goraino iritsi -2006an bezala- baina zale askok gozatu ederra hartu genuela telebista aurrean. Eta are gozatu ederragoa han zeudenak –ikurrina bat edo beste bistaratu ahal izan genuen-. Pena dut RadioShackeko txirrindularirik ez parte hartu izana. Hornerrek, Lepheimerrek, Klodenek edo Haimarrek distira gehiago emango zioten Giroari. Eta Samuelek, Beñat Intxaustik edo Igor Antonek, beste horrenbeste. Baina horrelakoetan esan ohi den bezala,daudenak daude eta haiekin gozatu ahal izango dugu zale guztiok ostiral, larunbatean eta igandean. Hala izan bedi! Eta noski, Tropela.net-en bidez kontatuko dugu!

Atala: Italiako Giroa
Etiketak: , , , , ,

Raul Perez | 2010-05-04

Simoniren azken atzaparkadaren zain

20 iruzkin

giro08pre-pampeago1Giroko ziklistarik zaharrenetakoa izango da ‘Gibo’ handia, zaharrena ez bada, 39 urteko beteko baititu abuztuan. Antza, proba eta gero hartuko du erretiroa. Italiako lasterketa nagusian balentria handiak egin ditu igotzaile gartsuak. 1999an zapaldu zuen lehen aldiz podiuma; hirugarren bukatu zuen, Gotti eta Savoldelliren atzetik. Pantani Girotik kanporatu zuten urtea izan zen hura. ‘Il Pirata’ ordurako errepidean ez bazen ere, etapa gogoangarria egin zuten Gottik, Herasek eta Simonik Apricara bidean, Gavia eta Mortirolo igota lasterketa bukatu bezperan. 2000. urtean ere hirugarren, Garzelli eta Casagranderen ondoan podiumean. Eta 2001ean, jaun eta jabe izan zen; maglia arrosa etxeratu zuen, erakustaldia emanda gainera. Urtebete geroago Girotik kanpo utzi zuten, positibo emateagatik.

2003an Girora itzuli eta berriro ere garaile. Ondorengo urteetan behin baino gehiagotan gertu izan du podiumeko koskarik gorena, baina…2004an bera zen Lampreko taldeburua, baina hara non Damiango Cunego taldekide gazteak aurrea hartu zion. Mokoka bukatu zuten bi txirrindulariek, baina gauzak zer diren! Lampren bertan ariko dira biak hastear den Giroan. Ondo bidean, Simonik Cunegoren mesedetan egingo du lan.

Giroan bikain, baina Italiatik kanpora halamoduz. Tourrean eta Espainiako Vueltan etapa bana irabazi ditu, baina tifosiek gehiago espero zuten. 2003an, bigarren Giroa irabazi ostean, Armstrong estu hartzeko hautagaietako bat zen Tourra hasi aurretik, baina Frantzian batean bale eta bestean kale. Ezin erregulartasunari eutsi.
Simonik, orain arte, azken atzaparkada 2007ko Giroan eman zuen, Monte Zoncolan tentean. Ziur bere zalei aldapa gora borrokatzen esan nahiko diela agur. Hori egiten baitu ondoen, borrokatu alegia.

Eta gero zer? Hori berak jakingo du. Bizikleta mekanikari hasteko eskarmentua badu. Izan ere, 1998an, txirrindularitzak gogaituta edo, urtebetez pedalei eragiteari utzi eta bizikletak konpontzen jardun zuen. Eskerrak ez zuen horretan jarraitu!

Argazkia:  http://www.cyclingnews.com

Atala: Italiako Giroa
Etiketak: , , , , , ,

Raul Perez | 2010-04-12

Beti gazte

2 iruzkin

Chris Horner38 urterekin erdietsi du Chris Hornerrek bere kirol ibilbideko garaipenik garrantzitsuena: Euskal Herriko Itzulia. Duela urte batzuk esan ohi zen 32-33 urterekin hasten zela txirrindularien gainbehera. Adin horretan nekez jarrai zezakeela txirrindulari batek, salbuespenak salbuespen, lasterketaren burua. Zenbait txirrindulariren emaitzek baieztapen hori ezeztatu dute azken aldian. Chris Hornerrek orain lortu du egunkari, irrati, telebista eta webgune askotan azaltzea Euskal Herriko errepideetan eginiko balentriagatik. Duela hiru urte, 2007an, Tourrean txukun aritu zen: 15. postuan sailkatu zen Alberto Contadorrek irabazitako lehen Tourrean; 35 urte zituen ordurako.

Hornerren adin bera du bere nagusiak, Lance Armstrongek. Ondo bidean, Hornerrek Armstrongi lagunduko dio Tourrean. Baita Levi Leipheimerrek ere. 36 urte ditu Leipheimerrek. Hure ere, 30 urteak ondo beteak dituela, sasoi betean dagoela erakusten ari da. Duela bi urte Espainiako Vueltan bigarren bukatu zuen… Alberto Contador taldekidearen atzetik, eta espainiarraren mesedetan jardun ostean.

Eta zer esan Stefano Garzelliri edo Jens Voigti buruz? Italiarrak, Leipheimerrek bezala, 36 urte ditu eta duela aste gutxi Tirreno-Adriatico lasterketa irabazi zuen. Eta joan den urtean, Giroan bertan, harrigarri aritu zen; ia-ia onenen pare egon zen eta erlojupeko handia irabaztetik ez zen oso aparte ibili. Voigt alemaniarrak -38 urte-, urteak joan urteak etorri, garaipenen zakua betetzen jarraitzen du.30 urteren bueltan dabiltzanek badute beren burua non begiratu, zalantzarik gabe. Ez dute erretiroan zertan pentsatu.

Argazkia: www.cyclingnews.com

Atala: txirrindularitza
Etiketak: , , , ,

Egoitz | 2009-05-31

Menchov geldiezinak Giroa irabazi du

12 iruzkin

Menchov. 2009ko Giroko garaileaErrusiarrak azken kilometroan erorikoa izan du, baina ez da nahiko izan maglia arrosa galtzeko. Segur aski mekanikariari izan duen azkartasunagatik eskerrak emateaz ez da aspertuko errusiarra, lurrera erortzerako hor baitzen aldamenean beste bizikleta batekin prest. Merezita irabazi du Menchovek aurtengo Giroa eta gaurkoan ere erlojupekoan Di Luca baino gehiago zela argi erakutsi du.

Gaurko 14 kilometrotako erlojupekoa Erromako kaleetan zehar jokatzen zen. Jokoan etapa garaipena eta sailkapen nagusiko postuak ziren. Lehen hogei postuei begiratuta lehia ezberdinak aurreikusi genitzake. Lehena Armstrong, Serpa eta Seeldrayersen artean zen, hirurak 42 segundoren tartean baitziren. Bigarrena Bruseghin eta Valjavecen artekoa, Valjavecek italiarra 50 segundora baitzuen. Hirugarrena Rogers eta Garzelliren artekoa, 52 segundo aurretik baitzen italiarra eta Rogers erlojupeko espezialista izaki, lehia aurreikusi zitekeen. Eta garrantzitsuena, nola ez, maglia arrosa eta ciclaminoaren artekoa, aurrez esan bezala, 20 segundoko tarte estuan.

Erromako erlojupekoa 23 bihurgunez osatutako ibilbidea zen, eta atzo aurreratzen genuen bezala, euria aurreikusita zegoen eta euria izan da protagonista. Ibilbideak lehenak egiten izan direnak lurzoru lehorra izan dute eta horrek denbora hobeak egiteko erraztasuna eman diete. Horren erakusgarri gaurko etapan lehen hiru postuetako sailkatu diren txirrindulariak: Konovalovas, Wiggins segundo batera eta hirugarren Boasson Hagen 7ra. Horrenbestez gaurko etapa garaipena Cervéloko txirrindulari lituaniarrak egindako denbora bikainari esker. Gaurko garaipenarekin Cervélok laugarren etapa garaipena lortu du aurtengo Giroan, bi Sastrek eta bat Gerransek. Hala ere, gaurkoan etapa garaipena bigarren maila batean zegoen 2009ko Italiako Giroaren garailea baitzegoen jokoan.

Armstrong, Serpa eta Seeldrayersen arteko lehiak espero baino gutxiagorako eman du. Armstrongek etapa lehiatu baino Erromatik pasieratxo bat eman duela esan daiteke eta helmugan 1′19”ra sartu da. Serpak 29 segundo kendu behar zizkion Armstrongi sailkapenean aurrera egin nahi bazuen, baina azkenean 10 bakarrik izan dira. Seeldrayersek, berriz, Serparena 13 segundoan hobetzea zuen helburu, baina ez da gauza izan eta sailkapen nagusian Serparekiko 4ra geratu da . Beraz, eguneko leheneko lehia bere horretan geratu da.

Aipatu dugun bigarren lehia Bruseghin eta Valjavecen artekoa izan da. Italiarrak denbora bikaina egin du baina gaurkoan Valjavec ondo ibil da eta azkenean 15 segundorengatik ez du aurreratu esloveniarra. Hauen arteko lehia ere, beraz, bere horretan.

Sailkapenean aurrerago joanaz, Rogers eta Garzelliren artekoa ezustekoa izan dela esango nuke. Rogersek espero baino erlojupeko pattalagoa egin du eta Garzellik, berriz, ikaragarria. Gaurko etaparen ostean Garzellik Rogersi 1′18”ko aldea atera dio sailkapen nagusian. Zenbaitek Tropeleko blogean Garzelliren emaitzak susmopean jarri dituzte. Hori antolatzaileek eta kontrolak egiten dituztenek esan beharko dute, baina aitortu beharra dago gaurkoa behintzat aurreikuspenetatik kanpoko emaitza izan dela. Nik bederen Rogersek Garzelli aurreratuko zuela edo behintzat justuan ibiliko zela uste nuen, baina esan bezala, oker nenbilen.

Eta lehia nagusia azkenik. Killerra eta Menchov, Giro honetan elkarren inguruan ibili diren bi txirrindulari eta zalantzarik gabe Giroko txirrindularirik erregularrenak. Di Lucak atzokoan kolpe morala jaso zuela uste dut. Atzoko emaitzak bestelakoak izan baziren, beharbada Di Lucak gaur maglia arrosarekin ekingo zion lasterketari eta erreferentziak izango zituen, baina ez da horrela izan. Kontua da Spoltoreko txirrindulariak gaur dena eman behar zuela eta arriskatzea besterik ez zitzaiola geratzen. Menchovek, berriz, bereari eustea besterik ez zuen. Italiarrak bizikleta arrunt batekin ateratzea erabaki du. Errusiarrak, berriz, erlojuaren kontra lehiatzeko bizikleta berezia. Euria ere ari zuen eta lur bustiak zeresana emango zuela bagenekien.

Lasterketan zehar hiru erreferentzia puntu ziren. Killerra bizi atera da eta lehen erreferentzia puntuan 5 segundoko errenta ateratzen zion errusiarrari. Bazirudien Di Lucak hobeto ekin diola erlojupekoari, baina kilometroetan aurrera egin ahala, Menchoven aldeko erreferentziak ematen hasi dira. Di Lucak ezin zuen azken une arte etsi eta denbora ona markatu du: 19′23”. Denbora hori kontutan hartuta, Menchovek 19′43” azpitik egin behar zuen ibilbide kurbatua.

Rabobankeko liderra azken kilometroan sartu denean denbora oso ona ari zen markatzen eta etaparen lehian sartuta zen. Momentu horretan Giroaren garaipena eskuan zuen. Baina orduan zoru bustiak behar baino protagonismo handiagoa hartu du. Menchov zuzen zihoan erritmo bizian, baina badirudi pedal kolpea ematerakoan atzeko gurpilak irrist egin diola eta oreka galdu arazi diola. Ez zen posible! Lasterketa liderra lurrera erori egin da eta han joan da arrastaka zenbait metro. ETBko emanaldian zehar ikusi ez duguna liderrari gertatu zaio. Bitartean Di Luca telebistaz Menchoven lana jarraitzen ari zen aurpegi serioz. Baina Rabobankeko kotxean adi ziren guztiak, baita mekanikaria bera ere eta Menchov bizikleta jasotzera hurbildu denerako mekanikariak beste bat jarri dio txirrindulariari alboan. Lasterketa era horretan galdu behar al zuen errusiarrak? Ba ez. Errusiarrak badaezpada etapa hasieratik lehiatu egin du eta horri eskerrak Di Lucarekiko aurreratuta zituen segundoak nahikoak izan dira erorikoan galdu dituenak konpentsatzeko. Erorikoa izan arren, Menchov Di Luca baino 21 segundo hobea izan da. Erorikoak ere ez du errusiarra garaipenetik baztertzerik lortu. Hori da hori garrasia bota duena errusiarrak helmugan! Ikaragarria gaur Menchovek egin duena.

Zalantzarik gabe Menchovek irabazi behar zuen, izan ere erlojupekorik onena egitera zihoan errusiarra (segur aski erori ez bazen etapa garaipena ere hortxe izango zukeen). Egia da Di Lucak egundoko ikuskizuna eman duela lasterketa guztian zehar eta penaz izango dela, baina erorikoaren ondorioz Di Lucak irabaztea bidezkoa izango al litzateke? Ez dago erantzun beharrik ez baita horrelakorik jazo. Merezimendu osoz, beraz, 2009ko Italiako Giroaren garaipena Menchoventzat.

Gainontzeko sariei dagokienez, mendiko maillota Garzellik irabazi du, gazteena Seeldrayersek eta ciclaminoa, merezimendu osoz, Di Lucak.

Atala: Italiako Giroa
Etiketak: , , , , , , , , , , , , , , ,

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali