Menu nagusia

‘Igor Gonzalez de Galdeano’ etiketa duten berriak

Hibai | 2010-02-04

2010eko taldeen analisia (IV): Euskaltel-Euskadi, haize freskoaren beharrean

Iruzkin bat

Hamazazpigarren denboraldia beteko du aurtengoan Euskadi Fundazioa-k errepide gainean. 2009a taldeak izan duen gorabeheratsuenetarikoa izan zen: Mikel Astarlozaren Tourreko garaipena eta Samuel Sánchez-en Vueltako bigarren postua batetik, baina taldearen irabazteko zailtasuna (asturiarraren aldetik batez ere) eta, batik bat, pasaitarraren Tour osteko positiboa, bestetik. Argilun gehiegi iragan hurbilean, eta horrek bide berri bati ekin behar izatea ekartzen du ia derrigorrean. Kasu honetan ere hala gertatu da, hasi berri den denboraldian ikusiko ditugun aurpegi berriek ekarritako haizeak itxaropen dezente piztu duelarik euskal zaleen artean.

samuel

Berrikuntzak berrikuntza, ordea, taldearen zama nagusia ezagun zaharrek eramaten jarraitu beharko dute. Horien artean, jakina, egungo olinpiar txapelduna azaltzen da guztien buru. Samuel Sánchez-ek aurten Tourra buru-belarri prestatzeko asmoa dauka, denboraldi hasiera indartsu bati Euskal Herriko Itzuliarekin amaiera emateaz gain. Ez da honenbestez Ardenetako klasikoetan egongo, bere moduko gizon batentzat erabaki eztabaidagarria. Txirrindularitza egitura bati lasaitasuna eta egonkortasuna eskaintzen dizkiona garaipenak bereganatzea jakina den honetan, asturiarrak beste behin erantzunkizun handia izango du.

koldo

Talde laranja garaipenez hornitzeko beste baliabide nagusia Koldo Fernandez de Larrea izango da. Arabarrak iaz ez zuen sprintetan espero zen jauzia eman. Beste ikuspuntu batetik ordea, Iparraldeko Klasikoetan maila polita azaldu zuen, Gent-Wevelgem-en bereziki, gizon azkarra baino zerbait gehiago dela erakutsiz. Dena den, sprintetan eman beharko du bere onena, gehienetan gainerako taldeek antolatutako bideratze-trenak bere baino indartsuagoak izango badira ere; arlo honetan Iñaki Isasi eta Pablo Urtasun behintzat alboan izan beharko ditu. Denboraldi garrantzitsua ezbairik gabe Zurbanoko txirrindulariak aurrez-aurre duena.

Derioko taldeak bereziki eskertuko lukeena Igor Anton-en berpiztea litzateke. Urteak daramatza Galdakaokoak eskalatzaile bikaina izan daitekeela erakutsiz, baina bere kasuan ere ez du behin betiko urratsa eman handienen artean dela esan ahal izateko. Hori ez ezik, iazkoa atzera pausoa izan zen beretzat. Dohainak izan badituela kontuan hartuta, bizkaitarrak lasaitasuna, konfiantza eta anbizioa dosi berdinetan behar dituela esango nuke, Espainiako Itzulian edo Suitzako errepideetan lortu izan dituen garaipenak iraganeko kontu soila ez direla baieztatzeko.

sicard

Aipatutako hiruko honengan jarri behar dira emaitzak lortzeko itxaropenik handienak; eurei exijitu behar zaie beste guztien gainetik. Bada ordea taldean laugarren adar garrantzitsu bat, aurrez esan bezala zaleengan zirrara berezia sortzen duena: gazteen atala da, noski. Guzti hauen artean nabarmentzen da, nola ez ba, Romain Sicard lapurtarra. Alor guztietan moldatzen da ongi Hazparnekoa, eta urte asko dira gainera euskal txirrindulari batek profesionaletara pasa aurretik horren emaitza bikainak lortzen ez dituena, 23-z azpikoen munduko txapelketa eta Etorkizunekoen Tourra barne. Bidasoaz bestaldekoa izatearen berezitasuna (ez-ohikoa baita tamalez) erantsiz gero, euskal txirrindularitzaren gizon kuttun berriaren aurrean egon gintezke.

Bere onena emateko, ordea, bere gain presiorik ezartzea ezinbestekoa izango du Sicard-ek. Eta berarekin batera, taldera heldu diren gainerako besteek. Orbea-n taldekide zuen Jonathan Castroviejo-k esaterako, berak ere gauza polit askoak egin baititu orain arte, erlojuaren aurka batez ere. Profesional mailan ezagunagoa da Beñat Intxausti, bere garaian Euskaltel-ek lotzen jakin ez zuen bizkaitar eskalatzaile fina. Orain etxera bueltan da, bere garapenarekin jarraitzeko asmotan, Gorka Izagirre goierritarra bueltan den moduan, euskal afizionaturik onenetakoa izan eta gerp talde laranjara jauzi egiteko aukerarik gabe geratu ostean. Fitxaketen atala Orbeatik pasatako Miguel Minguez eta Daniel Sesma-k osatzen dute, azkeneko hau jadanik horren gaztea ez bada ere. Gazteen atala ordea ez dago ixterik Mikel Nieve aipatu gabe. Iaz jokaera bikaina azaldu zuen leitzarrak, eta aurtengoan maldan gora batez ere erakutsitakoak hobetzea eta horrenbestez lasterketaren batean bere aukerak izatea espero behar da bere aldetik.

egoi

Taldean diren gainerako gizonek unean-uneko liderraren mesedetan jarduteko helburua izango dutela pentsa liteke, eta gehienetan halaxe izango da. Hemen Egoi Martinez, Amets Txurruka eta Gorka Verdugo aipatuko nituzke, bakoitza bere dohain eta gabeziekin, baina taldekide preziatuak direla askotan erakutsi dutenak. Bestalde ordea, oraindik bakarkako arloan taldeari gehixeago zer eskainia daukatenak badirela uste dut. Aitor Galdos eta Ruben Perez batez ere, baina baita zortea lagun gorantz egin behar duen Ivan Velasco ere, eta Juanjo Oroz nafarra, orain arte ia bakarrik morrontza lanerako erabilia izan dena.

Jadanik Igor Gonzalez de Galdeanoren aginduetara ez direnak, Mikel Astarloza eta Iñigo Landaluze-z gain, Josu Agirre, Andoni Lafuente eta Markel Irizar dira. Hauen artean, oñatiarrak izan du zalantzarik gabe irteerarik gozoena (eta bakarra esan beharko), Lance Armstrong-en Radio Shack-erako bidea hartu baitu.

Filosofia berezi baina oso errotutako taldea da Euskaltel-Euskadi, hori ez dago esan beharrik. Alde batetik muga suposatzen duenak badu bere alde positiboa, taldekideen artean sumatzen den giroa eta guztiaren gainetik taldea hobestearen sinismena. Goragotik ordea askotan txirrindulariek ez dute babes hori jaso, eta aurtengoan, taldeak nolabaiteko berregitura bat izan duela kontuan harturik, horrek ezin du inolaz ere horrela izan. Taldeko partaide bakoitzak oro har, baina gazteenek bereziki, lasaitasuna behar dute urtean zehar beren helburuak poliki-poliki gauzatze aldera. Are gehiago aurten babesleen kontratua amaitzen dela jakinda: emaitzak jarri beharko dira mahai gainean, baina hori hobekien dakitenak, eta interesatuenak, txirrindulariak beraiek dira. Hortaz, errepideak hitz egin dezala, beste guztiaren gainetik.

Atala: txirrindularitza
Etiketak: , , , , , , , , , , , , , , , , , ,

Egoitz | 2009-12-01

“Dopinaren aurka egitea gure lema da”

3 iruzkin

Igor Gonzalez de GaldeanoIgor Gonzalez de Galdeanok Euskaltel-Euskadiko manager gisa egindako baieztapena jarri dizuet izenburuan. Egunotan talde laranja Derion da kontzentratuta eta aurkezpenean urtarrilaren 1etik aurrera dopinaren aurka abian jarriko duten barne kontrol berritua aipatu zuten.

Aurtengo udaran Iñigo Landaluzek eta Mikel Astarlozak positibo eman zuten. Horren haritik, taldearen jarraipena bermatu asmoz, eta bide batez txirrindulariak lagundu, kontrol zorrotzago batzuk ezarriko dituztela esan dute arduradunek. Xehetasunik eman ez bazuten ere, kanpoko laborategi bat taldeko txirrindulariei azterketak egiteaz arduratuko omen da sorpresarik izan ez dadin. Ez dakit orain arte zein motatako barne azterketak egingo zituzten, baina honek, itxura batean bederen, aldaketa esanguratsu bat suposatuko duela dirudi.

Euskalteleko presidente den Jose Antonio Ardanzak bere aldetik babes osoa eskaini dio txirrindulari taldeari taldearen erabakietan gardentasuna eta leialtasun absolutuak izan baitira bere esanetan. Dakizuen bezala Eusko Jaurlaritza ez da iritzi berekoa eta segur aski hori izan da neurri hau hartzearen arrazoi nagusia.

Aurtengo urtean Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek 700 azterketa jasan bazituzten, 2010ean zenbat izango ote dira?

Atala: euskal txirrindulariak
Etiketak: , , , ,

Egoitz | 2009-11-29

Miguel Madariaga jubilatu egin da

3 iruzkin

Miguel MadariagaMiguel Madariagak jubilatu egingo dela esan du nahiz eta taldeari “lotuta” jarraitzekotan den. 2010erako bere kargu Igor Gonzalez de Galdeanori utziko dio eta bere anaia, orain arte Orbeako zuzendari izan dena, Euskaltel-Euskadikoa kirol zuzendaria izango da. Berarekin batera Gorka Gerrikagoitia eta Josu Larrazabal arituko dira. Hala ere webgunean ez dira aldaketa berri hauek oraindik agertzen.

Dirudienez Galdeanotarrek izango dute taldea zuzentzeko ardura. Badirudi azken urteetako lan moduak jarraipena izango duela. Segur asko azken aldaketa hauek ez dira zaletu guztien gustukoak izango. Zuk zer irizten diozu?

Atala: euskal txirrindulariak, txirrindularitza
Etiketak: , , ,

Hibai | 2008-10-31

Txirrindularitza bai edo bai (I)

71 iruzkin

Bai edo bai, edo bai ala bai. Argi dagoena da baiezko borobila behar duela txirrindularitzak oro har, bizi duen momentu honetatik aterako bada. Eta geure esparrura mugatuz, baiezkoa behar du euskal txirrindularitzak, zalegoak datozen urteotan gorenean leihatuko diren txirrindulariak ikus ditzan.

“Euskal txirrindularitza” aipatze hutsak edonori Euskaltel-Euskadi dakarkio gogora. Kirol honen historian zehar gure herriak izen handi asko eman baditu ere, seguru asko Euskadi modura sortu zen taldeak, gerora Euskaltel-en babesa lagun bilakaera gorakorra bizi izan duena, lortu du herritarrok errepidean nolabaiteko izana identifikaturik ikustea, beti ere txirrindularitzak bere jarraitzaileengan beste kirol batzuek sortzen duten fanatismorik eragiten ez duela kontuan izanda, oro har behintzat.

Jon OdriozolaBilakaera horretan ordea, egun talde laranja denak beltzune ugari izan ditu; azken bolada honetan gertaturikoak oraindino ari dira zeresana ematen. Batetik, Jon Odriozola zuzendariaren affaire-a aipatu behar da. Oñatiarrak bi urte eman ditu Euskaltel-Euskadiren kirol egituraren lehenengo taldean zuzendari lanetan, aurrez egitura honetako bigarren taldea den Orbea-n izan ostean. Azken urteotan gazteen nondik norakoa gertutik jarraitu duen gizona izanda (taldearen filosofiari jarraiki, bestalde), eta errepidean bera kotxean zela taldeak izan duen jarrera eta emaitza positiboak kontuan hartuz, harritzeko erabakia taldearen zuzendaritzak harturikoa. Azkeneko hauen esanetan arrazoi ekonomikoak urrundu zituen bi aldeak, baina Odriozolak tartean beste arrazoi batzuk izan zirela esan zuela kontuan izanda (kirol kontuak, eta zehazkiago esateko, lana aurrera eramateko modua, aipatu zituen gipuzkoarrak) eta bai aurrekariak zein testuingurua zeintzuk diren gogora ekarriz, taldeak emandako bertsio ofizialak zalantza handiak sortarazten ditu. Jarraitu irakurtzen »

Atala: gazteak, txirrindularitza
Etiketak: , , , ,

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali