Menu nagusia

‘Moncoutie’ etiketa duten berriak

Egoitz | 2009-09-17

Deignan izan da ihesaldiari etekina atera dion txirrindularia gaurkoan

Ez dago iruzkinik

Deignan. 2009ko Vueltan 18. etapan garaileEz nuen ezer idazteko asmorik, baina gaurko amaiera ikusi dudanean idaztea pentsatu dut. Ikusi baduzue jakingo duzue Deignan eta Kreuziger elkarrekin iritsi direla helmugara. Azken metroetan Irlandako txirrindularia gailendu da. Ez al dizue ezer gogora arazten? Niri bai eta hori izan da post hau idaztearen arrazoietako bat.

Gaurkoan ihesaldia. Espero bezala 1., 2. eta 3. mailako mendateak izanik. Ihesaldia txirrindulari garrantzitsuek osatu dute bertan baitziren Kreuziger, Fuglsang, Gilbert, Valjavec, Moncoutie, Taaramae, Di Gregorio, Del Nero, Hernandez Blazquez, Breschel, Cherel eta hiru euskal ordezkari, Igor Anton, David Herrero eta txirrindularitza profesionalari agur esan aurretik etapa garaipenaren bila dabilen Bingen Fernandez.

Atzean tropel nagusian Euskaltel-Euskadi eta Caisse D’Epargne izan dira tiraka, baina alferrik. Gehienez 6 minutura jaistea lortu dute tartea murriztea eta helmugan ikusi dugu tropelak amore nola eman duen, izan ere 9′41”ra ailegatu dira.

Ihesaldian saiakerarik nabarmenetan lehena Gilbertek egindakoa izan da Alto de Boqueronen gora. Tartea egitea lortu du baina gaina egin aurretik pott egin du. Tropeltxo horretan etapa garaipena lortzeko interes handia zegoen.

Tropeltxoko 10 kide inguruk bat egin dute eta beste zenbait atzean geratu dira. Hamarreko horretan David Herrero eta Igor Anton aurkitzen zen. Hala ere erasoak ez dira geratu eta Kreuziger eta Deignanen aurrera egitea lortu dute. Atzetik Fuglsang eta David Herrero saiatu dira, baina azken bi hauek dirudienez ez dute elkar ondo ulertu eta David Herrerok amore ematea erabaki du.

Azken metroetan Deignan eta Kreuzigerrek etapa garaipena jokatu beharra zuten. Orduan gazte txekiarrari Donostiako Klasikoko mamua sartu zaiola esango nuke eta berriro ere kale egin du. Deignanek egoera ondo baliatu eta etapa garaipena lortu du. Eta ez hori bakarrik, gaur lortutako errentari esker eta Danielsonek lasterketa uztea erabaki duenez, sailkapen nagusiko 8. postuan sartu da. Hori bai ihesaldiari etekina ateratzea!!

Gure euskal ordezkariei dagokionez, azkenean Igor Anton 5. sailkatu da, David Herrero 12. eta Bingen Fernandez 14. Moncoutirekin batera.

Atala: Espainiako Vuelta
Etiketak: , , , , , , , , , , , , , , ,

Egoitz | 2009-09-09

Farrarrek esprintean garaipena

2 iruzkin

Farrar. 2009ko Vueltako 11. etapan garaipena

Egunean zehar espero bezala ihesaldia eta gero, esprintean erabaki da gaurko etapa. Hala ere ez zeuden esprinter guztiak Boonen kasuan bezala. Hauen artean azkarren, eta lehen garaipena lortuaz, Farrar estatu batuarra izan da.

Gaur ere saiakerak izan dira ihesaldia ostatzeko, baina azkenean aurrera egitea lortu dutenak Amets Txurruka, Moncoutie (Aitanan amaitu zen etapako protagonistetako bat), De la Fuente eta Hoogerland izan dira. Garbi zegoen Moncoutiek mendiko maillota berreskuratu nahi zuela eta De la Fuentek nola edo ahala defendatzen saiatu beharko zuela. Markaketa hori zela eta, Amets Txurruka eta Hoogerlandek aurrera egin dute Collado Bermejo gainera igotzerakoan. Moncoutiek, ordea, argi zuen gaur zer egin behar zuen eta De la Fuente atzean utzi eta aurrera jo du aurreko bi txirrindulariekin bat eginez. De la Fuentek ezin izan dio jarraitu eta bertan geratu da. Collado Bermejo gainean azkenean Moncoutie izan da pasatzen lehena.

Eguneko ihesaldia, beraz, Amets Txurruka, Moncoutie eta Hoogerlandek osatu dute. Hirukoteak ia 9 minutuko tartea atera ahal izan dio tropelari eta horrek faboritoen taldeak urduritu ditu. Izan ere Hoogerland sailkapen nagusian 4′41”ra zen eta lasterketako lider jartzeko arriskua zegoen. Faboritoen talde guztiak (Rabobank, Liquigas, Caisse D’Epargne,…) tiraka hasi dira tarteak murrizteko eta Campo de San Juan 2. mailako gaina pasa ostean ihesaldia zapuztea lortu dute. Hori bai, Moncoutie gustura, gaurko bi mendateetan puntuak jasota mendiko sailkapenean lidergoa sendotzea lortu baitu 86 punturekin.

Tropela bat eginik eta Caravaca de la Cruzeko helmugara jaisten ari zirela Di Gregoriok saiakera egin du. 30”ko tartea ere atera du, baina tropelak, Liquigas buruan, frantziarraren ahalegin guztiak ezerezean utzi ditu. Ondoren Gerdemann ere saiatu da, baina honek ere ez du ezer lortu. Behintzat atzoko erorikoak ondorio larririk ez ziola utzi ikusi ahal izan dugu.

Tropelak abiadura bizia hartu du helmugara bidean eta ezustean aurrera egiten saiatu dena Cancellara izan da. Ez da lehen aldia horrela garaipena lortzen duena, baina gaurkoan ez du posible izan. Bukaeran, Farrar nagusitu da guztien aurretik. Atzetik Gilbert eta Marcato izan ditu. Aipagarria Iñaki Isasiren esprinta 4. sartu baita. Sailkapen nagusiari dagokionez aldaketarik ez.

Bihar atseden eguna izan dugu eta etzitik aurrera Vuelta erabakiko dituen hiru etapa ikusgarri. Oraindik guztia erabakitzeko dagoela esan daiteke.

Atala: txirrindularitza
Etiketak: , , , , , , ,

Egoitz | 2009-09-06

Cunegoren garaipena Aitanan

3 iruzkin

Cunego. 2009ko Vueltako 8. etapan garaipenaCunegok azken kilometroetan erakustaldi itzela eman du. Orain arte galduta zuen denborari esker faboritoek ez diote italiarrari jarraitu eta abiadura azkarrean egin du aurrera. Horri eskerrak Moncoutie harrapatu du azken kilometroetan eta helmugarako bidea erraz egin du garaipena eskuratuz. Moncoutie azkenean bigarren eta Gesink hirugarren helmugan.

Gaurko etaparen zain ginen. Bagenekien faboritoek nola dauden ikusteko etapa izango zela eta hala izan da.

Etaparen jarraipena telebistaz ikusten ari nintzela jaso dut lehen berri garrantzitsua: Andy Schleck-ek Vuelta utzi du (Tropelean %12,9ak aukeratutako faboritoa). Espero genuen Schlecktarrek Vuelta ez zutela lehiatuko baina ez nuen uste hain azkar utziko zuenik. Berarekin batera lasterketa Jerome eta Bernaudeuk utzi dute.

Taaramae izan da lehen ihesten saiatu den txirrindularia baina 20 segundoko tartea lortu badu ere bere abentura denbora gutxi iraun du. Benetako ihesaldia Bonnet, Voss, Hoogerland, Weening, Moncoutie eta Hinaultek osatu dute.
Tropeltxo honek bai, honek lortu du tropel nagusitik ihes egitea eta eguneko ihesaldia izan da. Tropeltxo honek lortu duen denbora tarterik handiena ia 13 minututakoa izan da eta ia-ia etapa irabazlea ere izan du.

Aitanako gaina igo aurretik, 3. mailako 4 mendate eta 2. mailako bi igo behar zituzten. Ihesaldiko txirrindularien helburu nagusia, beraz, etapa garaipena lortzen saiatzeaz gain mendiko maillota eskuratzea izan da. Moncoutie frantziarra izan zen iazko Vueltan mendiko sari nagusiko garailea eta aurten ere bide horri ekin dio. Ihesaldian bildu dituen puntu guztiei esker berak eramango du bihar maillot hori. Iheskide izan dituen Weening eta Hoogerlandek ezin izan dute behar beste puntu bildu eta 2. eta 3. postuetan aurkitzen dira une honetan.

Caisse D’Epargne izan da tropel nagusian erantzukizuna hartu duena. Bazekiten Valverdek etapa garaipena edo lehen hiru postuetan sartuko balitzateke lidergoa eskuratuko zuela eta ez zioten aukera horri muzin egin nahi. Horretarako ihesaldia bertan behera utzi behar zuten. Erritmo bizia jarri dute eta tropelean zatiketak sortu dira. Horien artean Cancellara liderra izan da geratzen hasi dena. Suitzarrak bazekien gaur hala izango zela.

Oker ez banaiz, tropel nagusia Tudonsetik behera jaisten hasi direnean Samuel Sanchezek eroriko bat izan du. Caisse D’Epargnek egoera horretaz jabetuta erritmoa bizitu du eta asturiarrak gain esfortzu bat egin behar izan du  bat egiteko. Esfortzu horri esker Aitanaren igoera hasi aurretik bat egitea lortu du Sanchezek.

Aurrealdean mugimenduak hasi dira Aitana igotzen hasi direnean. Lehena erasotzen Hoogerland izan da baina Moncoutie ez zegoen etapa garaipenaren lehia uzteko prest. Biak aurrera egin dute eta atzealdean Cuesta eta De la Fuentek tropel nagusitik aurrera egin dute. Gero Marchante bera ere saiatu da baina bi saiakera hauek alferrik ziren Caissek lasterketaren lidergoa eskuratu nahi baitzuen gaurko etapan. Tropel nagusiaren atzealdean, berriz, Vinokourov eta David Herrero ezinean ikusi ditugu. Kale egin duen faboritoetako bat gaur kazakhstandarra izan da eta sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo geratu da.

Tropel nagusia pixkanaka pixkanaka ihesaldiko txirrindulariak irensten joan da baina aurrealdean ziren Moncoutie eta Hoogerland. Frantziarrak, ordea, erritmo aldaketa bat egin du eta Hoogerland atzean uzteko gauza izan da. Moncoutiek etapa garaipena nahi zuen eta hala izango zen Cunegok aurrera egingo ez bazuen.

Tropel nagusian eraso ezberdinak izan dira. Szmyd-ek tropelari erritmoa jarri dio gero Bassok erasoa jo zezan. Aitortu behar da italiarra saiatu saiatu dela, baina ezin izan du atzo galdutako denbora berreskuratzeko ezer egin. Erasoa jo duena eta libre joan dena Cunego izan da. Bizi-bizi egin du aurrera Lampreko italiarrak.

206 kilometroko etapa izaki eta ihesaldian egin duen esfortzuaren ondorioz, Moncoutiek etapa garaipena eskura izan badu ere, atzetik Cunego indartsu zetorren. Frantziarra azken kilometroan sartu denean garaipena eskura zuela pentsatu dugun arren, Lampreko liderrak ezarritako erritmoak Cofidiseko txirrindularia harrapatu eta pasatzerainokoa izan da. Esan bezala, beraz, Cunegok etapa garaipena.

Atzealdean eraso ezberdinak izan dira. Gesinkek bere saiakera egin eta aurrera egitea lortu du eta hirugarren helmugaratu da. Valverdek ere bere saiakera egin du, baina Evans eta Sanchezek ederki eutsi diote eta azkenean Evansek eskuratu du lidergoa.

Gori-gori dago sailkapen nagusia gaurkoaren ondoren. Evans da lider berria eta Valverde eta Sanchez 2. eta 3. dira 2 eta 8 segundotara. Lehen esan bezala, faboritoetatik asko atzeratu dena Vinokourov izan da.

Kazakhstandarraren atzerapena ikusita ez dakit Astana taldeak zein estrategia hartuko duen. Momentu honetan taldekiderik aurreratuena Haimar Zubeldia dute, 8. postuan Evansengandik 1′37”ra. Bigarrena Navarro 2′12”ra. Haimar Zubeldia izango al da taldeko lider berria? Euskaltel-Euskadi taldean izandako ibilbidea kontutan hartu beharko bagenu logikoena hala izatea deritzot. Hala ere ikusi egin behar Haimarrek nola eusten dion biharko etapari. Nire iritziz Haimar sailkapen nagusian lehen hamar postuetan sailkatzeko moduko txirrindularia da eta ahalegin horri ekin beharko lioke. Zer deritzozue?

Atala: txirrindularitza
Etiketak: , , , , , , , , , , , , , ,

Egoitz | 2009-07-15

Cavendish geldi ezina

Ez dago iruzkinik

Cavendish. 11. etapan garaipena1, 2, 3 eta gaurkoarekin 4. garaipena lortu du Cavendish esprinterrak aurtengo Tourrean. Bazirudien azken metroetako aldapatxoak bere ohiko abiadurarentzat oztopo izango zela eta Hushovd edo Freire bezalako txirrindulariei mesede egingo ziela, baina ez da hala izan. Honenbestez 4. etapa garaipena eta iazko marka berdintzea lortu du Tourraren ekuadorrera aurkitzen garen honetan.

Gaurko etapak ez du bere bizikorik eskaini. Espero bezala ihesalditxo bat osatu da, baina bikotea izaki, garaipenetik urrun geratzera kondenatuak zeuden. VanSummeren eta Sapak osatutako tandemak etapa hasieratik egin du aurrera. Tropelarekiko tarterik handiena Côte de Perreusen izan dute eta 4′35”ekoa izan da. Beraz, esan daiteke tropela kezka handirik gabe eta lan handirik egin beharrik gabe aritu dela gaurkoan ihesaldia kontrolpean izateko. Azken 6 kilometroetara iristean, ihesaldiak esprinterrei utzi die lekua. Columbia-HTCko kideek ohi bezala lagunduta, Cavendishek aldapatxoari ere aurre egin ahal izan dio garaipenaren bidean. Atzetik Farrar, Hutarovich, Freire eta Hushovd izan ditu. Gaurko garaipenarekin bai, eta ez atzo nahastu nintzen bezala (eskerrik asko zuzenketarengatik), Cavendishek maillot berdea berreskuratu du.

Maillot zuri-gorria

Zerbait gehiago kontatzeko gaurko etaparen inguruan, mendiko maillota eskuratzeko pankarta puntuagarrietan izan den lehia plazaratu nahiko nuke, Côte de Perreusen izan dena hain justu. Dakizuen bezala Egoi Martinez Euskaltel-Euskaldiko txirrindularia Pirinioetako ihesaldiari esker maillot zuri-gorriaren jabe da eta badirudi Pariseraino eramateko jokabidearekin dela talde laranja. Aipatutako mendate puntuagarri honetan, 3. postua zegoen jokoan eta Egoi Martinez, Pellizoti eta Moncoutiek esprinta jokatu dute puntu bat jasotze aldera. Azkenean italiarra gailendu da esprint horretan. Ez dakit puntu batek zenbateraino merezi duen jokatzea, baina argi dagoena da Egoi Martinezek eta bere taldeak lan latz egin beharko dutela Pariseko etapan mendiko maillotarekin izatea nahi badute, batez ere Pelizzotti bezalako batek maillot horren interesa era honetan ager arazi badu.

Atala: Frantziako Tourra, txirrindularitza
Etiketak: , , , , , , , , , ,

Iragarkiak


© 2010 Tropela Elkartea · Nor gara · Email bat bidali